Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak Kultur Arteko Sakana I. Argazki Lehiaketa antolatu du. Sakanan bizi den 12-35 urte arteko herritar oro animatu dute lehiaketan parte hartzera, bere jatorria eta egoera administratibo juridikoa edozein delarik ere. Bakarka edo taldean aurkeztu daiteke lehiaketara. OinarriakArgazkiek Sakanako immigrazioaren eta kultur artekotasunaren gaiak landuko dituzte eta jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta saritu gabeak izanen dira. Paperean nahiz formatu digitalean aurkeztu daitezke. Kolorezkoak izanen dira eta 13 x 18 neurrikoak. Bi kategoria izanen ditu lehiaketak, 12-16 urtekoena eta 16 urtetik gorakoena. Batean eta bestean, sari ederrekin dator lehiaketa berria: gaztetxoen artean nabarmentzen denak 100 euroko saria jasoko du, arropa, musika edo liburuetan gastatzeko. 16 urtetik gora, berriz, 3 sari banatuko dira: lehenengoa 300 eurokoa, bigarrena 150 eurokoa eta hirugarrena 80 eurokoa. Urriaren 5ean irekitzen da lanak aurkezteko epea. Azaroaren 6ra arte, hilabete bat izanen da argazkiak aurkezteko. Sakanako Mankomunitatean edo Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko Gizarte Zerbitzuetan utzi daitezke, goizeko 8:00etatik 15:00etara. Postaz bidaltzea ere posible da (Sakanako Mankomunitatea. Uriz 38, Lakuntza). Lanak bi gutun-azaletan aurkeztuko dira, itxita eta izengoiti batez izenpetuta. Lehenengo gutun-azalean argazkiak sartuko dira, bere izenburuarekin (edozein hizkuntzatan egon daiteke). Beste gutun-azal itxian egilearen datuak sartuko dira (izen-abizenak, adina, telefonoa eta posta elektronikoa). Epaimahaia argazkigintzako profesionalek, Sakanako Mankomunitateko lehendakariak, immigrazio teknikariek eta etorkinen elkarteko ordezkariek osatuko dute. Eskubidea izanen du sariak hutsik uzteko.Azaroaren 30ean emanen dute ebazpena, sari banaketa ekitaldian.