Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo bukatu zen Espainiako Vuelta, eta Colubiako André Greipel izan zen Madrilgo kaleetako esprintean azkarrena. Vuelta, aldiz, Caisse d´Epargneko Alejandro Valverdek irabazi du, kurioski, etapa bakar bat ere ez irabazi gabe. Vueltan ez da izan izugarri nabarmendu den txirrindularirik, eta horregatik Valverde ez da Vueltako onena izan, baina bai, ordea, erregularrena, Caisseren babesarekin, eta akats gutxien egin duena. Horregatik eutsi dio urre koloreko maillotari. Gainera, bere arerioek ez dute suerte askorik izan, Evansek zulatua izan baitzuen Sierra Nevadan eta Samuel Sanchez erori baitzen Calar Alton. Hain zuzen ere Euskalteleko Samuel Sanchez bigarrena izan da, 55 segundora eta Silence-Lottoko Cadel Evans hirugarrena, 1:32ra. Txirrindulari sakandarrek lan handia egin dute euren talde buruak laguntzen. Egoi Martinez (Euskaltel) izan da sakandarretan onena. 52.a izan da, 1:24:17ra. Jose Luis Arrieta (Ag2r) 81.a sailkatu da, 2:03:32ra eta Imanol Erbiti (Caisse) 100.a, 2:27:53ra. Hiriberrikoak adierazi duenez, "Valverderendako asko eta gogor egin dugu lan. Valverdek Vuelta irabazi du atzean talde handia zuelako eta taldeak esfortzuak dosifikatzen jakin duelako".