Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Preferente mailan dabilen Lakuntzako Lagun Arteak Zangozan jokatu zuen igandean eta ezin izan zuen hiru puntuak ekarri. Zangozakoak izan ziren penalty bati esker aurreratu zirenak, baina Lagun Arteakoak berehala berdindu zuten modu berean. Cantolaguakoen presioari esker 2-1 aurreratu ziren etxekoak, eta nahiz eta Lagun Artea kontrako atean saiatu, horrela despeditu zen lehia. Sailkapen orokorrean Ardoi da liderra, 6 punturekin eta Lagun Artea bederatzigarrena da, hiru punturekin. Igandean Lagun Arteak zortzigarrena den Amaya hartuko du Zelai Berrin. Erregional mailan, Etxarrik gol festa ederra ospatu zuen, 5-1 hartu baitzuen menpean Bidezarra taldea San Donato zelaian jokatutako partida ederrean. Atsedenaldira bi goleko errentarekin joan ziren etxarriarrak, eta bigarren zatia hasi bezain pronto lortu zuten hirugarrena. Ordutik aurrera Bidezarrakoen erasoak izan ziren nagusi, baina kontraeraso batean Etxarrikoek laugarren gola sartu zuten. Penalty bat sartu zuten Bidezarrakoek; baina, hala ere, Etxarrikoek beste gol bat sartzeko aukera izan zuten. 5-1 despeditu zen lehia. Eta Altsasuk husna berdindu zuen, Dantzalekun, Donezteberekin. Oso lehia borrokatua izan zen, eta lehenengo zatian altsasuarrak nagusitu ziren, kontrako atera sartu ez ziren gol aukera nabariekin. Bigarren zatian erritmoa jaitsi eta gero Doneztebekoak piztu ziren, baina aukera interesgarririk gabe. Berdinketa justua izan zen. Valle de Egües da Erregional mailako 3. multzoko liderra, 6 punturekin. Etxarri Aranatz hirugarrena da eta Altsasu laugarrena, biak launa punturekin. Larunbatean Beriainen jokatuko du Etxarrik bosgarrena den Beriainen kontra eta Altsasu Iruñean ariko da, bigarrena den San Ignazioren kontra. Ea nola doakien.