Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Carrefour guneko bezeroek Nafarroako Nekazaritza Elikagaien enpresa onenak hautatu dituzte, aipatu saltokiak ekainaren 25etik uztailaren 13ra bitartean antolatutako El sabor de lo nuestro promozioaren barruan. Martiko eta Lacteos Belate izan dira saritutako enpresak. Azken honek enpresa berritzaileenaren saria jaso du. Aipatu enpresetako ordezkariek, Joseba Martikorenak (Martiko) eta Manuel Garrok (Lacteos Belateko ordezkaria), astelehenean Zizur Nagusian antolatutako ekitaldian jaso zuten saria, Nafarroako Gobernuko presidente Migel Sanz, Landa-Garapen kontseilari Begoña Sanzberro, Iruñeko alkate Yolanda Barcina eta Carrefour Españako lehendakari Rafael Ariasen aurrean. Lacteos Belatek Nafarroako Behi-esne Ekoizpen Integratua ekoizten du, "ekoizpen sostengarriaren baldintzak betetzen dituena produktuaren kalitatea, ingurugiroa eta errentagarritasun ekonomikoa kontuan hartuz". Etxeberriko enpresa saritzeko kontuan hartu duten beste irizpide bat marka berri baten merkaturatzea izan da, Lacturale izeneko esne marka hain zuzen. IbilbideaLacteos Belate S.A.T 2006.urte hasieran sortu zuten Nafarroako 35 abeltzainek. Tartean Egiarreta (SAT Lazkoz, Lorenzo Lazkoz), Etxeberri (SAT Etxeberri, Juanma Garro), Etxarren (SAT Kitxulabe, Patxi Irurtia) eta Lizarragabengokoak (SAT Minueta, Mikel Azpiroz) daude. Lacteos Belatek Nafarroako Behi-esne Ekoizpen Integratua ekoizten du, ekoizpen sostengarriaren baldintzak betetzen dituena produktuaren kalitatea, ingurugiroa eta errentagarritasun ekonomikoa kontuan hartuz. 2007 hasieran Lacteos Belatek Igara esnea merkaturatu zuen, Nafarroako Ostalaritza Elkartearen bidez. Nafarroaz gain, esnea Araba, Gipuzkoa eta Huescan banatzen da. Ostalaritzan esneak izandako onarpena ikusita Etxeberriko enpresak Lacturale izeneko esne marka merkaturatu zuen iazko urrian. Bere ibilbideagatik enpresa berritzaileena dela uste dute Carrefourreko bezeroek.