EITBren isiltasuna salatu dute

Guaixe 2009ko irailaren 23a

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM), ohar baten bidez, "hainbat gertaera larriren aurrean EITB erakusten ari den isiltasuna" salatu nahi du. Tartean, Alain Berastegi arbizuarrari gertatutakoa dute hizpide. Jakina denez, Arbizuko gazteak salatu zuen uztailaren 17an zazpi orduz bahitua izan zutela eta torturatua izan zela armatuak zeuden hainbat pertsonen eskutik. Handik astebetera bere abokatuarekin eta AAMko kideekin agerraldia egin zuen Iruñean, gertaera salatzeko. "Agerraldi horretara Euskal Telebistako kazetari eta kamerarik ez zen agertu ere egin, eta ondorioz komunikabide horretan ez zen salaketa horren berririk agertu" dio AAMak. Gertaera hauen aurrean EITBk izan duen isiltasuna "erabaki politiko baten ondorio argia" dela uste dute, eta "EITBko informatiboak espainiar errepresio estrategiaren tresna" direla. Horregatik, dei berezi bat egin nahi diete EITBko kazetariei, "zentsura politikoa hautsi eta Euskal Herrian izaten diren gertaera errepresiboak behar bezala landu ditzaten".