Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bost elizkizun hartuko ditu santutegiak San Migel egunean. Meza nagusia artzapezpikuak emanen du. Mikel Gartziandiak hartu du Aralarreko kaperau nagusiaren arduraAsteartean, hilaren 29an, Aralarreko santutegia txiki geratuko da San Migel eguna ospatzera gerturatuko diren fededunak hartzeko. Bost izanen dira egun seinalatu horretan San Migel santutegian izanen diren elizkizunak. Aurrena 10:00etan izanen da, bigarrena 11:00etan, 12:00etan meza nagusia - Iruñeko artzapezpiku Francisco Perezek emanen duena - , laugarrena 13:30ean, eta azkena 18:00etan. Nahi duten fededunek konfesatzeko aukera izango dute, San Migel egunean aitorleak edo konfesoreak izanen baitira. San Migel egun guztiak bereziak izaten dira, baina aurtengoa akaso gehiago, orain arte Aralarreko kaperau nagusia zenak, Mikel Larranbeberek, ardura utziko baitu. Iruñeko Seminarioko erretore zuzendaria izendatu dute, eta Mikel Gartziandia etxarriarrak hartu du bere lekua. Bera izanen da, hain zuzen, beste apaiz batzuen laguntzarekin astearteko elizkizunak gidatuko dituena. Nolanahi ere, Larranbeberek Aralarreko kaperau laguntzaile izaten jarraituko du, eta horregatik "Aralarren ez dugu agurtze edo despedida ekitaldirik eginen, beste modu batean bada ere, bertan jarraituko dudalako". Muxu emateaTradizioa da San Migel Aingeruari muxu ematea, baina A gripea dela eta osasun zentrokoekin harremanetan jarri ondoren, prebentzio moduan apaizek ez dute aingerua eskainiko fededunek muxu eman diezaioten. Aingerua aldarean jarri, eta otoitza eta bedeinkapena egingo zaio zeremonia bukaeran. Nolanahi ere, aingeruari muxu eman nahi diotenek aldarera gerturatu eta hala egiteko aukera izango dute. FestakSan Migel festak zabal ospatzen dira gurean. Guaixeko 22. orrialdean ospakizunen berri zabala ematen da. GERTUTIKMikel LarranbebereOrain arte Aralarko kaperau nagusia izandakoaZenbat urte eman dituzu Aralarreko kaperau nagusi eta Uharte Arakilgo apaiz izaten?San Migel egunean lau urte beteko nituzke. Hemendik aurrera zer?Iruñeko Seminarioko erretore edo zuzendari izendatu naute. Bertan klaseak ematen jarraituko dut - Elizaren Historia - baina zereginik inportanteena 14 apaizgairekin egotea eta eurak ezagutu eta laguntzea izanen da, eta etorkizunean hartu beharreko erabakiak hartu. Gurean bizitakoaz zer balorazio egiten duzu?Gustura lan egin dut laguntzaile asko izan ditudalako: Uharte Arakilgo bizilagunak, Kofradiakoak, San Migelenganako jaieradunak, lagunak... Eta horregatik eskerrak eman behar dizkiot Jainkoari eta beraiei guztiei. Zaila izan da, lan asko egin behar zelako. Askotan ez dakizu nondik jo, gauzak nola konpondu... baina ez naiz inoiz bakardadean sentitu eta hori handia da. Lan asko egin dituzue santutegian.Bai. Obra potoloak egin dira, akaso gehiegi ikusten ez direnak, azpiegiturak berritu baitira. Eta beste hamaika lan. Baina hemen egin den guztia ikusteko Aralarrera igotzea da onena. Aralarren ez duzue despedida ekitaldirik egin. Zer dela eta?Uharte Arakilgo parrokian despedida egin zidaten, irailaren 13an. Ekitaldi xumea izan zen, polita, eta hemendik aurrera Uharteko apaiz izango den Antonio Lopezi harrera egin genion. Baina, Aralarren ez dugu despedidarik egingo kaperau laguntzaile izaten jarraituko dudalako. Mikel Gartziandia izango da arduradun berria, Mendialdeko bikario izateaz gain. Halaber, Zamartzen zuen ardurarekin jarraituko du. Jesus Mari Sotilek, Uharteko apaiz Antonio Lopezek eta nik lagunduko diogu. Pena ematen dizu Aralar eta Uharte Arakil uztea?Jakin nuenean pena handia hartu nuen. Leitzatik pena handiarekin atera nintzen eta Uhartetik eta Aralarretik ere. Izan ere apaizak bere sustraiak botatzen ditu eta hala behar du izan, bestela ez baitago fruiturik. Nire etxea eta bigarren familia izan dira utzi berri ditudan parrokiak.