Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroako Euskal Kantu Txapelketaren edizio berria aurkeztu berri du. Etxarri Aranazko kultur etxean hasiko da 2009ko edizioa, azaroaren 7an, larunbatean. Hiru egun lehenagora arte zabalik dago izena emateko epea. Euskal Kantuzaleen Elkarteak "euskal kantagintza zabaldu eta erakutsarazteko" helburuz antolatu du txapelketa. Horrekin batera, kantatzeko zaletasuna piztu nahi du eta, bide batez, kantari berriak plazaratu. Azken finean kantuarekin gozatzeko bidea izan nahi du txapelketak. Nafarroako Euskal Kantu Txapelketan bakarka, bikoteka edo taldean (3 eta 10 kide artean) parte har daiteke. 15 urtetik gorako guztiek irekita dute txapelketa. 3 maila daude: era berrian, era zaharrean eta sormena. Txapelketan, beti ere, "herritar eran" abestu beharko dute lehiaketara aurkeztutako kantu parea. Nafarroako Euskal Kantu Txapelketan parte hartu nahi duenak azaroaren 4ra arte du izena emateko epea. Horretarako antolatzaileengana jo dezake, 948 144 706 telefonora hots eginez edo nafarroagaraia@kantuzale.net e-postara mezua bidaliz. Bestela, Beleixe Irratian ere eman daiteke izena. Esan bezala, azaroaren 7an abiatuko da txapelketa Etxarrin. Aste bat geroago Berriobeitiko kultur etxean izanen da saioa. Finala, aldiz, Elizondoko Lur aretoan izanen da azaroaren 21ean.