Rural Kutxako Ferrari Euskaldun Torneoko garaile

Guaixe 2009ko irailaren 29a

Txirrindularitza denboraldia bukatu da eta balorazioak eta hurrengo denboraldiko prestaketak egitearekin batera, torneo eta txapelketetako irabazleak izendatzeko garaia da. Horrela, 23 urtez azpiko eta elite mailako afizionatuen Euskal Herriko lasterketak kontuan hartzen dituen Euskaldun Torneoko garailea Rural Kutxa talde sakandarreko Fabricio Ferrari izan da. Ferrarik hirugarrenez jantzi du txapela, 2006an eta 2007an irabazi eta gero. Aurten 192 puntu pilatu ditu, bere taldekide Ruben Garciaren aurretik sailkatuz (115 puntu). Rural Kutxa nagusi izan da aipatu torneoan, makina bat erakustaldi eginez. Egia esan, denboraldi borobila egin du Burunda Txirrindularitza Klubeko afizionatuen taldeak. Ferrari uruguaitarrari dagokionez, Ororbian, Urrakin, Berriatuan eta Elgetan irabazi zuen, eta zenbait lasterketatan ez zuen garaipenagatik borrokatu bere taldekideei garaipena uzteko. 2010ean Rural Kutxa kontinentalean ariko da Ferrari, Guillermo Lana, Ruben Martinez eta Ruben Garciarekin batera.