Batak irabazi eta besteak galdu

Guaixe 2009ko irailaren 29a

Etxarri Aranatzek hiru puntu oso garrantzitsu ekarri zituen Beriaindik, partida nahasi xamarrean. Lehen zatian gehiago dominatu zuten sakandarrek, eta horren ondorioz 0-2 aurreratu ziren Salinasen eta Elsoren golei esker. Bigarren zatian finago aritu ziren Beriaingoak, eta gol bat sartzea lortu zuten, baina hainbat aukera huts egin zituzten. Horrela, 1 eta 2koarekin despeditu zen lehia. Iruñean, partida eskasean, 2-1 galdu zuen Altsasuk San Ignazio taldearen kontra. Lehenengo zatian ia noraezean aritu ziren bi taldeak eta ez zen inor gailendu. Hala ere, Iruñekoak aurreratzea lortu zuten baina handik gutxira berdintzeko gai izan zen Altsasu, Rubenek sartutako golari esker. Atsedenaldira joan baino lehen etxekoek bigarren gola egin zuten, eta nahiz eta bigarren zatian Altsasu hobeto aritu, izan zituen gol aukerak ez zituen aprobetxatu eta 2-1 despeditu zen lehia.Valle de Egües da liderra, 9 punturekin. Etxarri Aranatzek 7 puntu ditu eta hirugarrena da, eta Altsasuk 4 puntu ditu eta zortzigarrena da. Larunbatean Etxarri Aranatzek hamahirugarrena den Mutilbera taldea hartuko du San Donato futbol zelaian, eta Altsasuk Lekunberrin jokatuko du, zazpigarrena den Beti Kozkorren kontra. Ea zer moduz doan jardunaldia.