Milaka bisitari jaso zituen San Migelek

Guaixe 2009ko irailaren 30a

Asteartea egun seinalatua zen askorendako, San Migel eguna, eta urtero moduan milaka fededun hurbildu ziren Aralarko santutegira, aingerua gurtzera. Asko sakandarrak ziren, baina baita Euskal Herriko txoko askotatik eta kanpotik etorritakoak ere. Eta jakina, horrek trafikoan ondorioa izan zuen, aparkalekua beteta eta autoak toki guztietan baitzeuden, sekulako auto-ilarak sortuz. Foruzaingoa ez zen gerturatu zirkulazioa bideratzera, askoren harridurarako. Eguzkia eta eguraldia lagun, Aralarreko paraje ederrean gustura egon ziren bisitariak, ohiko tradizioari segituz: ustez Teodosiorenak ziren kateak gorputzeko ataletatik pasatzen, ustez herensugea agertu zen tokian burua sartuz, eta jakina, San Migel aingerua gurtuz. A gripea dela-eta jasotako gomendioa betez, ez zuten santua eskaini musua emateko eta horren ordez aingeruaren irudiarekin bedeinkapena eman zitzaien fededunei. Baina asko irudira gerturatu eta musu eman zioten eskuekin, eta animatuenek musu eman zioten zuzenean. Elizkizun jendetsuakBost meza elizkizun hartu zituen santutegiak, guztiak jendetsuak. Eliza txiki geratu zen Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzain Francisco Perezek eman zuen eguerdiko mezarako. Santutegian izan diren aldaketez mintzatu zen artzapezpikua, izan ere Mikel Gartziandia Goñi etxarriarra izango baita Aralarko kaperau berria Mikel Larranbebereren tokian, azken hau Seminarioko zuzendari izendatu baitute. Nolanahi ere Larranbeberek Aralarrekin lotura izaten jarraituko du, kaperau laguntzailea izango baita, Jesus Sotil eta Uharte Arakilgo apaiz berri Antonio Lopezekin batera. Gainontzeko elizkizunen ardura nagusia Gartziandiak izan zuen. Aralarreko kaperau izateaz gain, Mendialdeko bikario izaten segituko du eta halaber, Zamartzeko etxe espiritualaren ardurarekin jarraituko du. Aralarren Larranbebereren lana jarraituko duela nabarmendu zuen etxarriarrak.