Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bat baino gehiago aspaldidanik egonen zen Berri Txarrak taldearen lan berriaren zain. Jada eskuragai daukagu hainbat saltokitan eta baita interneten bertan ere. Izenari buruz zer esan bada; izen berezia duela esan daiteke: "Payola". Eta diskoa esku artean hartuta nola deskribatu; txuri eta beltza, irudi tristea agian; edo ederra eta misteriotsua, bakoitzak hausnartu dezala... Lekunberriko talde honi buruz zer esan; 1994an sortu zen lau kide zirelarik: Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsa), Aitor Goikoetxea (bateria), Mikel Lopez "Rubio" (baxua) eta Aitor Oreja (gitarra). 2003tik aurrera hirukote bezala jarraitu zuten, Aitor Orejak taldea utzi baitzuen. Azkenik, 2007an mundu osoan zehar bira ikaragarria egin ostean, Mikel Lopezek taldea utzi zuen eta David Gonzalezek hartu zuen bere tokia. Jada sei disko ditu bizkarrean talde nafarrak: Berri Txarrak (1997), Ikasten (1999), Eskuak / Ukabilak (2001), Libre (2003), Jaio Musika Hil (2005), eta azken lana Payola (2009).Lehen hiru diskoekin beren lekua ireki zuten euskal eskenatokietan eta jarraian Libre diskoarekin estatura atera ziren, bertan ere euren lekua topatuz. Jaio Musika Hil diskoarekin are gehiago zabaldu zuten ikusmuga, Europan zehar eta baita mundu guztian zehar jendea liluratuz eta bilduz. Azkenik, Payola diskoaren grabazioa 2009ko apirilean hasi zuten, Steve Albini soinu-ingeniariarekin eta Roadrunner Records diskoetxe ezagunarekin kaleratu dute. Kanta indartsuak eta gordinak dakartza, esan daiteke zuzeneko baten antza duela. Bertan erakusten duena musikaren zuzeneko indarra ote da? Gaur egun kaleratzen diren estudioko diskoak perfekzioa lortzen saiatzen dira, eta hauxe dugu labetik gordinean ateratako lan gutxietako bat. Estudioko perfekzio horren bila joan gabe, musikaren atzean pertsona bat dagoela erakusten digu, inperfektua den zerbait, gizaki bat. Estilo berezi batek markatzen duen soinuaren bila atera direla nabaria da, baita lortu ere. Ziur diskoa entzuten duen edozeinek gustura hartuko duela... Benetan lan berezia, harrizko labe batean egina bezala. Zorte on Berri Txarrak taldeari eta ea noiz ikusten zaituztegun oholtza gainean!LUR LARRAZA