Partida nahiko kaxkarrak Etxarrin eta Altsasun

Guaixe 2009ko urriaren 6a

Etxarrik 2-1 irabazi zion Mutilberari partida kaxkarrean. Bosgarren minuturako aurreratu ziren etxarriarrak, Goikoetxeak sartutako golari esker. Nahiz eta gol aukera gehiago izan, bateko errentarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian bi taldeek izan zuten baloiaren jabetza eta tarteka talde bat edo bestea nagusitu zen. Horrela, 64. minutuan Mutilberak berdintzea lortu zuen, baina 73. minutuan Etxarriko Pablok, penaltiz, garaipenaren gola eskuratu zuen. Partida bukatu arte etxarriarrak larri ibili ziren garaipena mantentzeko lanetan. Altsasuk etxean jokatutako bigarren partida galdu egin zuen Ardoi taldearen kontra. Etxekoen jokoa kaxkarra izan zen, indar gutxikoa; Zizurkoak, aldiz, ongi kokatuta zelairatu ziren eta baloia euren nahietara mugitu zuten. 30. minutuan iritsi zen Ardoikoen gola eta hortik aurrera partida nahiko aspergarria izan zen. Horrela, San Inazio taldea da Erregional mailako hirugarren multzoko liderra, 12 punturekin. Etxarri bigarrena da 10 punturekin, eta Altsasu hamaikagarrena, 4 punturekin. Larunbatean laugarrena den Beti Onak izango du arerio Etxarrik eta Lekunberrin du zita Altsasuk, hamargarrena den Beti Kozkorren kontra. Ea hobeto aritzen diren.