Neskendako eskubaloi eskola antolatu du Mankomunitateak

Guaixe 2009ko urriaren 7a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Arbizuko kiroldegiaren laguntzarekin, Sakanako neskendako eskubaloi eskola antolatu du. Talde kirol dibertigarrian murgildu nahi duten 10 urtetik gora duten neskek eman dezakete izena aipatu eskolan. Lagun berriak egiteko eta jolasen bitartez eskubaloia ezagutzeko aukera paregabea da. Urriaren 22an hasiko da eskola eta maiatzaren 31n bukatu. Astelehen eta ostegunetan gauzatuko da, Arbizuko kiroldegian, 17:00etatik 18:00etara, Aser Imaz begiralearen aginduetara. Klaseak euskaraz emanen dira, eta norbaitek ez badaki, berari gaztelaniaz zuzenduko zaio. Izena ematea urriaren 20ra arteTaldea sortzeko gutxienez 10 pertsona behar dira eta gehienez 20. Interesatuek urriaren 20ra arteko epea dute izena emateko, Kirol Zerbitzuko 98 464 866 telefonora hots eginez. 60 euroko kuota ordaindu beharko da Euskadiko Kutxako 3035 011693 116.0.00332.8 kontu zenbakian eta klasearen lehen egunean ordainagiria eraman beharko da. Izena ematen dutenek derrigorrezko izanen dute klasera joatea.