Tiro olinpikoan murgiltzen, gustura

Guaixe 2009ko urriaren 7a

Asteburuan Arma Pneumatikoen Nafarroako I. Saria jokatu zen Altsasun. Federatutakoen eta Sakanako ez-federatuen txapelketa izan zirenSakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Nafarroako Tiro Olinpikoko Federazioak antolatuta, asteburuan Arma Pneumatikoen Nafarroako I. Saria jokatu zen Altsasun. Txapelketa jokatu baino aurreko bost asteburuetan tiro olinpikoa ezagutzeko jardunaldiak izan ziren Lizarragan, Iturmendin, Ziordian, Urdiainen, Bakaikun, Irañetan, Lakuntzan, Arbizun, Uharte Arakilen, Olatzagutian, Etxarri Aranatzen eta Irurtzunen. Jardunaldien helburua tiro olinpikoa gizarteratzea eta ezagutaraztea zen, jende gaztea bertan aritzea animatzea, tiroak duen estigma negatibo hori kendu eta beste edozein kirol bat bezala kontsideratzea. Izan ere, tiro olinpikoa "kontzentrazioa eta fisikoki ongi egotearen batuketa da. Dianan 10 jotzeko, zehaztasuna lortzeko, fisikoki eta mentalki ongi egon beharra dago. Pertsonak oso lasai egon behar duen kirola da tiro olinpikoa" azaldu zigun Fernando Fuste ziordiarrak, Nafarroako Tiro Olinpikoko kide, Ziordiko zinegotzi eta jardunaldi horietan buru-belarri lanean aritu denak. Sakandar onenakJardunaldiek Sakanan izan duten harrerarekin pozik daude antolatzaileak: "Sakanako jendeak ongi erantzun du, eta tiro olinpikoarekin sorpresa atsegina hartu dute. Askok esaten ziguten ez zutela espero tiro olinpikoa horrelakoa izango zenik, eta aritzera eta probatzera animatu ziren, gustura gainera" azaldu du Fernando Fustek. Tiro Olinpikoko Federazioko kideek aire konprimituko karabinak edo pistolak erabiltzen irakatsi zieten aipatu Sakanako herrietan antolatutako jardunaldietan, eta aritzera animatu ziren sakandarrek - helduak zein haur eta gaztetxoak, neskak zein mutilak - dianan asmatzea ez dela horren erraza ikusi zuten. Nolanahi ere, horietako asko larunbatean Altsasun sakandar ez-federatuendako  antolatutako txapelketan parte hartzera animatu ziren. Gizonezkoen pistola pneumatikoan onena Gurutz Zubiria izan zen, eta emakumezkoan Naroa Larraza. Karabina pneumatikoan Migel Angel Lanchasek irabazi zuen, eta emakumezkoetan Mari Cruz Fustek. Fuste garaile federatuetanFederatuen lehian, pistolako senior mailan Fernando Fuste izan zen txapelduna eta emakumezkoetan Guadalupe Berdonces. Karabinako senior mailan Koldo Arrietak eskuratu zuen lehen saria eta emakumezkoetan Irene Cortesek. Ikusmen urrituen edo gabezia bisualak dituztenen mailan txapelduna Zuriñe Goñi izan zen, eta Jesus del Villar tripode edo laguntza behar dutenen mailan.