Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako txokoak ezagutuz, paseo ederra egitea proposatzen du igandean Kirol Zerbitzuak. 400 pertsonen parte hartzea espero duteSakana Bizikletaz Ezagutuz lelopean, igandean, 9:00etan, Irurtzundik aterako daIgandean, urriaren 9an, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Burunda eta Aralar txirrindulari taldeen laguntzarekin eta Irurtzun eta Altsasuko udalen eta Nafarroako Gobernuko Kirol Institutuaren babesarekin antolatutako Sakanako XV. Txirrindula Eguna izanen da. Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak eta Nerea Martinezek asteartean aurkeztu zuten eguna, Burundako BTT Saileko ordezkari Alberto Ocañarekin batera, "txirrindula eguneko ibilbidea zehazteko pertsona aproposena", Martinezen esanetan. Igandean goizeko 9:00etan abiatuko da aurtengo Txirrindula eguna eta Sakana zeharkatu eta gero Altsasun despedituko da 13:00-13:30ak tartean, 39 km inguru bete ostean. Ohikoa denez, txirrindulariek Lakuntzan egingo dute geldialdia, hamaikak aldera, hamaiketakoa egiteko. Norberak bere ogitartekoa eraman beharko du, eta edaria antolakuntzak jarriko du. Sakana ezagutzeko paseo ederraSakanan errotuta dago Txirrindula Eguna. Txirrindularitzarako dagoen afizioagatik sortu zen ekimena. Ez da ahaztu behar Sakanako txirrindulari profesionalak -Arrieta, Egoi Martinez, Verdugo, Azanza, Urtasun, etab. - Burunda eta Aralar taldeetan hasi zirela, eta eskoletan eta afizionatu mailatan erreferenteak direla aipatu bi taldeak eta bereziki Rural Kutxa, Estatu mailan aurtengo talde onena. Baina Txirrindula Eguna ez da lasterketa bat, proba ez-lehiakorra baita. "Helburua egun atsegina pasatzea da, lasai asko paseo zoragarria ematea gure herrietako txoko ederretatik barna" adierazi zuen Nerea Martinezek. Izan ere ibilbidea herrietatik, txoko politetatik, baselizetatik, zubietatik eta aspaldiko bide eta basoetatik pasatzen baita."Adin ezberdinetako jendeak parte hartzen du: helduak, gazteak, haurrak eta aukera paregabea da belaunaldi ezberdinen arteko erlazioa bultzatzeko eta herri ezberdinetako sakandarren arteko harremana sustatzeko" gaineratu zuen Martinezek. Halaber, Sakanaz kanpoko beste txirrindulariei luzatu nahi diete gonbitea, "gure bailara ezagutarazteko asmoz". Arduradunek azaldu zutenez, edonork egin dezake ibilbidea, lasai doazelako, erritmo motelean eta jai giroan. "Gainera, nahi izanez gero, edozein tokitan utz daiteke ibilbidea, atzetik kamioiak, autobusak eta beste baitoaz jendea jasotzen" esan zuen Gerrikagoitiak. ZerbitzuakTxirrindula egunak 7.000 euro inguruko aurrekontua dauka. Bertan ariko direnek aurretik izena emana dute, eta autobus eta kamioi zerbitzua dauzkate eskura. Autobusa goizeko 7:45ean aterako da Ziorditik, Sakanako herri guztietan geldialdia eginez izena eman duten txirrindulariak eta haien bizikletak hartzeko. Proba bukatuta etxera itzuliko ditu parte hartzaileak. Ibilbidearen atzetik, uneoro, DYA, foruzainak, mekanikoa eta autobusa izanen dira, gerta daitekeen edozein arazo konpontzeko. Altsasuko Foru Plazan bukatuko da eguna, 13:00etik aurrera, eta bertan parte hartzaile guztiei freskagarria eta oroigarri bat emanen zaie, poltsa beltz ederra. Gainera, parte hartzaile guztien artean kirol materiala zozketatuko da. Astebururako eguraldi ona iragarri dute eta hori parte hartzean nabarituko da; 400 pertsona espero dituzte. Nerea Martinez teknikariak hitz politak izan zituen eguna antolatzen laguntzen dutenendako. "Burunda eta Aralar taldeek eta bereziki Alberto Ocañak egiten duten lana gogoz eskertu nahi dugu". Kaskoa eramatea derrigorrezkoaIbilbidea prestatu duen Pablo Ocañak azpimarratu zuenez, "kaskoa eramatea derrigorrezkoa da", eta ez daramatenek ibilbidea utzi beharko dute. Bertan 10 urtetik gorakoek har dezakete parte. Naturarekin eta herri txikiekin harremana izateko bidean, bidexkak eta txoko ederrak zeharkatzea da helburua, eta ahal den herri guztietatik sartzea. "Irurtzun eta Altsasu artean herri gehienak zeharkatuko ditugu, Ekai eta Zuhatzu izan ezik. Irurtzundik Madotzeko bidean sartu eta Itxasperritik pasako gara gero Etxarrenera joateko. Satrustegiraino igo eta gero Hiriberri eta Ihabar zeharkatuko ditugu. Irañetan zubitik pasako gara, ur sorburu bidera daramana eta Uhartera Zamartze bidetik sartuko gara. Arruazura joateko zubi zaharreko bidexka hautatu dugu eta Lakuntzako gasolindegi atzetik aterata sartuko gara Lakuntzan. Arbizu, Etxarri eta Bakaiku bigarren mailako errepidetik pasako ditugu, eta Iturmendi eta Urdiaingo tartea bide zaharretik egingo dugu, Urdiaingo parkean atereaz. Urdiainetik San Pedrora joko dugu eta Altsasuko Institutuetan aterako gara, eta Altsasuko herriko kaleetan buelta eman eta gero plazan bukatuko dugu eguna" azaldu zuen Ocañak.