Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateak irailaren 30ean egindako batzarrean, aho batez, onartu zuen estatutuen behin betiko aldaketa egitea. Aldaketa horrek Mankomunitateari gizarte zerbitzuen arloan aritzeko aukera emanen lioke. Jakina denez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako 3 Mankomunitateak ibarreko erakundean sartu eta batzeko proiektua lantzen ari da gaur egun. Egitasmoak Sakanako Mankomunitatearen oniritzia du, baina tramitazio luzea du aurretik. Mankomunitatearen erabakiaren gainean, Toki Administrazio Departamentuak txostena egin behar du eta bere iritzia eman. Txosten hori, Sakanako Mankomunitatearen erabakiarekin batera, ibarreko 15 udalei bidaliko zaie gero. Udalen bi herenek baiezkoa emanez gero, Sakanako Mankomunitateak zerbitzu berri bat izanen luke: Gizarte Zerbitzuena. 2010eko aurrekontu zirriborroaSakanako Mankomunitateak udalei bere aurrekontuaren zirriborroa bidali die. Udalek hilabeteko epea izanen dute haien emendakinak egiteko. Heldu den urtean 4.502.328,39 euro erabiltzea aurreikusten du ibarreko erakundeak. Mankomunitateko gerente Adolfo Araizek esan digunez "partida guztiak izoztu egin dira euskara eta kirol zerbitzuetan. Beste batzuetan zerbait murriztu". Aurreratu digunez, udalek ordaindu beharreko tasa bataz beste%1,72 igoko da, "iaz langileekin lortutako akordioaren ondorio da igoera". Bestalde, udalek Mankomunitateari eginen dioten ekarpenen kopurua 24.000 eurotan besterik ez da igoko, iazko 1.423.000 eurotik aurtengo 1.447.000 eurora. Inbertsioei dagokionez, aurrekontuaren laurdena inguru Urdalurren ur-biltegi berria egitera bideratuko da. Ur ZerbitzuaEpaiaDorraoko Kontzejuak Ur Zerbitzuaren kudeaketaren kontura desadostasunak izan ditu. Horregatik, aurtengo ilbeltzaren 10ean, kontzejuak adostu zuen uraren zerbitzu integrala bere eskuduntza zela eta bere egitea. Horretarako kontzejuak argudiatu zuen ez zizkiola eskuduntza horiek udalari pasa eta, beraz, 2003tik aurrera Ergoienako Udala Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuko kide egiten zuen akordioa baliogabetzat jo zuen. Sakanako Mankomunitateak akordioaren kontra helegitea aurkeztu zuen eta atzera bota zuten. Gaiak Nafarroako Auzitegi Administratiboan bukatu zuen eta Sakanako Mankomunitateari eman dio arrazoia. Epaian jasotzen denez, uraren ziklo integrala eskuduntza udalena da eta ez kontzejuena. 1992an Ergoienako Udalak kontzejuei ardura hura pasatzea ez zela egoki izan esaten du epaiak. Horrekin batera, dio epaiak udalak Mankomunitateko zerbitzuan sartzeko erabakia hartu zuenean, orduan zela protesta egiteko garaia. Dorraoko Kontzejuaren nahiaren kontra jotzen du epaiak, Sakanako Mankomunitateari arrazoia emanez. BEZ-aOrain arte, Ur Zerbitzuaren barruan dauden udalek bi kuota ordaindu dizkiote Mankomunitateari. Orain arte udalek kudeaketa kuotaren BEZ-a ez zuten ordaintzen, baina Nafarroako Gobernuak jakinarazi du zerga hori ordaindu beharra dagoela. Azken 4 urteetako BEZ-a ordaindu beharko dute udalek. KlinikaJosefina Arregi klinikaren eskaeraren berri eman zitzaion Sakanako Mankomunitatearen batzarrari. Klinikaren kanpo kontsulten defizitari aurre egiteko laguntza eskatu zuen. Udalen edo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen bidez bideratzea aztertuko da, baina ez zen erabaki finkorik hartu.