Ezker abertzaleak industrialdeak bertatik eta bertako interesei erantzunez kudeatzea eskatu du

Guaixe 2009ko urriaren 12a

Urdiaingo eta Altsasuko ezker abertzaleko zinegotziak prentsaurrekoa eman zuten aste hasieran. Bi herrien lurretan proiektatutako industrialdearen udalez gaindiko izaeraren inguruan jardun zuten zinegotziek. Horretarako bide eman die industrialdea garatzearen ardura duen NASUINSAk bi udalei bidalitako gutunean. Ezker abertzaleko zinegotziek jakinarazi zutenez, gutun horretan foru administrazioarena den enpresa publikoak, NASUINSAk, dio "prest" dagoela "jarraipenerako aldizkako bilerak egiteko" alkateekin, "beti ere NASUINSA industria-lurzoruaren entitate sustatzailea, finantzatzailea eta komertzializatzailea dela kontuan hartuz". Ezker abertzaleko zinegotzien ustez gutun horretako erantzunak bertan behera utziko luke NaBaiko bi alkatetzetatik orain arte emandako erantzuna: ""herri-entitate eta NASUINSAren artean topaketa marko bat egitea planteatzen dugu, poligonoaren jarraipena egiteko..."EskaerakEzker abertzaleko zinegotzien ustez, "Sakana izan behar da bere garapenaren protagonista eta motorea; erakundeen, sindikatuen, eta gure zonaldeko eragile sozial eta ekonomikoen parte hartzearekin beharrak aztertu, nora joan nahi dugun erabaki eta martxan jarri behar gara". Hau da, "sakandarrok erabaki behar dugu zein den Sakanarako nahi dugun etorkizuna eta zeintzuk diren gure beharrak".Ibarreko partzuergoa sortzearen alde agertu ziren. Aldi berean, nabarmendu zuten "Sakanakoak ez diren beste helburu eta interesei erantzuteko egin nahi dute makropoligonoa eta herriko entitateen eta eragileen parte hartzerik gabe kudeatu eta zuzenduko dute". KritikaEzker abertzaleko zinegotziak NaBai kritikatu zuten, "hil ala biziko gai honen inguruan adierazten duen irizpide eta etorkizuneko Sakanarako proiektu ezagatik". Koalizioari leporatu zioten "alternatibaren bat egiteko gai ez izatea, ezta ezker abertzaleak egiten dituen proposamenak eztabaidatzeko ere". Industrialdearen proiektuan luzamendua eskatuz Urdiaingo herri ekimenak mozioak aurkeztu zituen udaletan. Eskaerari emandako erantzun ezberdinak kontuan izanda, ezker abertzalearendako "NaBaik ez dauka gaitasunik koherentziazko jarrerak mantentzeko".