Josefina Arregi klinikarekin kezkatuta

Guaixe 2009ko urriaren 14a

Makina bat bilera egin dituzte aurten ibarreko udal ordezkariek eta Josefina Arregi klinikako ordezkariek. Osasun arloko erakunde horren egoera ekonomikoa bideratzeko modua aztertu izan da bilkura horietan guztietan. Baina klinikaren egoera ekonomikoa bideratzeko fruiturik ez da lortu. Sakanako Mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiria, klinikako fundazioko patronoa ere badena, Iruñean ere izan da, alferrik.KlinikaJosefina Arregi klinika 1994an jarri zen martxan, Felipe Lezea enpresari altsasuarraren ekimenez. Bere izena duen fundazio batek kudeatzen du klinika. Osasun psikogeriatrikoan espezialduta dago Altsasuko klinika, Alzheimerra eta bestelako dementziak dituzten gaitzak tratatzen dituzte. Hiru zerbitzu eskaintzen ditu gaur egun klinikak: 21 ohe dituen epe laburrerako ospitalea; eguneko zentro psikogeriatrikoa eta kanpo kontsultak. Fundazioak eta Osasun Departamentuak hitzarmen bat dute. Horren bidez, klinikako epe laburrerako ospitaleko 21 oheetatik 11 kontzertatuta daude. Duela bost urte klinika 13 ohe izatetik 21 izatera pasa zen. Fundazioak dagoen eskaerari erantzuna eman ahal izateko egin zuen ahaleginak ez du Osasun Departamentuaren erantzun bera izan. Lehen kontzertatutako oheak 10 ziren orain bat gehiago besterik ez. Klinika kudeatzen duen Jesus Torralbak azaldu digunez, "egoera ekonomikoa oso delikatua da. Nafarroako Gobernuaren babesik ez badugu guztia berregituratu beharko dugu". Klinikak gero eta eskaera gehiago ditu, baina babesik gabe ezin dio guztiari erantzun. Abenduaren 31nFundazioaren eta Osasun Departamentuaren arteko hitzarmena egun horretan despeditzen da. GalderakKlinikaren egoeraz kezka Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordera iritsi da, Asun Fernandez de Garaialde Lazkanok (NaBai) kontseilariari egindako galderen bidez. Parlamentariak kontzertuarekin zer gertatuko den galdetu dio kontseilariari. Horrekin batera, fundazioarekin zein negoziazio izan diren jakin nahi du eta, azkenik, klinikarekiko planteamendu ezberdinen bat duen jakin nahi du parlamentariak.