Ezker abertzaleko militanteen atxiloketak salatzeko, gaur kontzentrazioak

Guaixe 2009ko urriaren 16a

Gaurkoan lantegi eta eskualdeetan kontzentrazioak eginen dira. LAB sindikatuak deitu ditu bilkura horiek, "Erasoen gainetik, Euskal Herrian aldaketa!" lelopean. Mobilizazio horien bidez  astearteko ezker abertzaleko 10 militanteen atxiloketa salatu nahi da. Kontzentrazioetan parte hartzeko deia ere egin du sindikatuak. Bilkura horietako bat 12:00etan Altsasuko udaletxe aurrean eginen da. Aldi berean, sindikatu abertzaleak nabarmendu du "eraso errepresiboak Euskal Herriaren aitortza eta errespetuaren ziklo politiko berria irekitzeko urrats sendo eta definitiboak ematea zapuztea duela helburu". LABen ustez "euskal langileendako berebiziko garrantzia du Euskal Herrian aldaketa politikoak gauzatzeak" eta "erabakitzeko eskubidea emango digun marko demokratikoa osatzeko aukeraren" alde agertu zen.