Euriari aurre eginez, Txirrindula Eguna ederra

Guaixe 2009ko urriaren 13a

Eguraldia ez zen animatu igandean Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Burunda eta Aralar txirrindulari taldeen laguntzarekin antolatutako Sakanako XV. Txirrindula Egunean parte hartzera, baina, hala ere, 250 pertsona baino gehiagok euriari aurre egin zion eta Irurtzun eta Altsasu artean prestatutako 39 km-ko ibilbidea osatzeari ekin zioten, goizeko 9:00etan abiatuta. Egia esan, eguraldiaren eragina nabaritu egin zen. Antolatzaileek adierazi dutenez aurretik 400 pertsonak zuen egunean parte hartzeko izena emanda, baina esan moduan 250 pasatxo atera ziren. "Euriaren presentzia kontuan hartuz horrenbeste jende animatzea poztekoa da, eta finean egun polita izan zen, ongi pasa genuen" dio kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. Batzuk familiartean, besteak koadrilaka... adin guztietako txirrindulariek ongi pasatu zuten, Sakanako herrietako txoko eder eta bitxietatik pasatuz. Proba ez lehiakorra zenez, guztiek jarraitzeko moduko abiaduran ibili ziren. Atzean autobusa - nekatzen ziren parte hartzaileak hartzeko - , kamioia - bizikletak jasotzeko - , mekanikoak, DYA eta Foruzainak zihoazen, besteak beste, eta Burunda Taldeko BTT sailekoek eta Aralar taldekoek lan ederra egin zuten ibilbidea kontrolatzeko orduan.  Ohikoa denez Lakuntzan geldialdia egin zuten hamaiketakoa hartzeko. Antolakuntzak edaria banatu zuen eta bokata norberak eraman behar zuen. Horrela, indarrak berreskuratuta, atzera ere Altsasura arteko ibilbideari ekin zioten. Ordu bata eta erdian iritsi ziren Altsasura. Guztiek poltsa ederra jaso zuten opari eta txirrindularien artean kirol materiala zozketatu zen.