Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abian da EPELen lau t´erdiko pilota txapelketa. Aurten ordezkari sakandar bakarra izango dugu, Aspen dabilen Alberto Ongay satrustegiarra. Aitor Zubieta etxarriarra txapelketan aritzekoa zen, baina eskuin belaunean mina hartuta dago eta atzelari etxarriarrak nahiago izan du ongi osatzea eskuz binakakorako sasoi betean egoteko, lau t´erdian bere benetako maila ezin ematen ibiltzea baino. Egia esan, lesioak bata bestearen atzetik etorri zaizkio etxarriarrari eta belaunean dituen arazoak gainditzeko operazio gelatik pasa edo errehabilitazioarekin jarraitzea du zalantzan Zubietak. Nolanahi ere, lesioen bolada txarra gainditzean bere jokoa berreskuratuko duela ez du zalantzan jartzen. Alberto Ongay aurrelariak astelehenean jokatuko du, urriaren 19an, Tolosako Beotibarren, 16:30ean. Final hamaseirenetan ariko da eta Patxi Ruiz izango du arerio. Ruizek esperientzia du bere alde, baina Ongay ez da kokiltzen den horietakoa eta Nafarroako lau t´erdian primerako maila eman eta gero nork daki zer egiteko gai izango den Satrustegikoa. Ea sorpresa eman eta txapelketan aurrera egiten duen. Hala izanez gero, hurrengo arerioa Retegi Bi eta Olaetxearen arteko partidako onena litzateke.