Jendetza Nafarroa Oinezen

Guaixe 2009ko urriaren 18a

Txikien handitasuna nabarmen gelditu zen igandean Arruazu, Lakuntza eta Arbizu artean Andra Mari ikastolak antolatutako festan. Nafarroako ikastolen festak jendetza erakarri zuen eta giro ederrean joan zen ospakizuna. Hori posible egin ahal izan zuten milaka boluntario euskaltzalek. Hasiera ekitaldia Lakuntzako plazan egin zen. Txalapartarien soinuak girotuta, Mikel Reparaz, ikasle ohi eta Euskadi Irratiko kazetariak, aukezpen lana egin du. Hasteko, Etxarri Aranazko dantzakia eskaini dute ikastolako haurrek, Garbiñe Karasatorrek gidatuta. Garbiñek Andra Mari Ikastolako hiru belaunaldi ordezkatzen ditu, bere aita sortzaileetako bat izan baitzen, bera ikaslea eta, gaur egun, ikastolako ama da. Ondoren, Iosu Imazek, Andra Mari Ikastolako presidenteak, hitza hartu zuen eta esan zuen: "milaka lagunen elkartasuna ezinbestekoa dela gure proiektua aurrera eramateko, batez ere, krisi garai honetan, euskarak indarra galdu duenean administrazio publikoen lehentasunen artean". Lakuntzako alkate Jose Ramon Garinek nabarmendu zuen "sakanarrok euskararekin izan dugun konpromisoa".  Nafarroa Oinezen kantua oinarri hartuta Nahia dantza taldeak koreografia berezia eskaini zuen. Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidente Izaskun Arratibelek hitza hartu zuen eta Andra Mari Ikastola zoriondu zuen Oinez honetarako indarrean jarri dituen egitasmoak azpimarratuz: hizkuntza minorizatuak dituzten herrialdeekin sortutako harreman sarea, Euskaltzaindiako Andres Iñigok Santiago Ezkerraren omenez idatzitako liburua eta Oinez Basoaren proiektua, naturarekiko errespetua indartzeko. Xabier Azanza Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak Andra Mari ikastolaren ibilbidea izan zuen gogoan. Horrekin batera, euskara ez dakitenak ikastera animatu zituen. Hizlarien txandaren ondoren, ibilbideari hasiera ematen zioten zinta moztu zuten Juan Mari Artiedak eta Pedro Lizarragak, duela 40 urte beren seme-alabak euskarazko heziketa izan zezaten hautua egin zutelako eta Andra Mari Ikastolaren lehen pausuak ematen hasi zirelako. Ekitaldi sinbolikoaren ondoren Etxarri Aranazko zanpantzarrak lagundurik ibilbideari ekin zaio.Pertsonalitateak:Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia. Lorena Lopez de Lacalle, Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia. Koldo Amezketa, Nafarroako Parlamentuko Presidente ordea.Xabier Azanza, Nafarroako Gobernuko Euskararen Institutuko zuzendari kudeatzailea.NaBai: Maiorga Ramirez, Patxi Telletxea Mª Luisa Mangado, Uxue Barkos eta Rosana Navarro.PSN: Roman Felones.Aralar: Ion Abril.EA: Carlos Garaikoetxea, Begoña Errazti, Iñaki Cabases eta Eva Aranguren.Ezker abertzalea: Santi Kiroga.Udalbide: Jose Luis Mendoza eta Bixente Arozena.MatxuraFesta egun eder batez gozatu eta gero etxerako bidea trenez egiteko asmo zutenek kalbarioa pasa zuten. Mila bat pertsona Iruña eta Tafalla alderantz zeraman trenak matxura izan zuen. 19:00etan Lakuntzatik abiatu eta berehala izan zen. Uharte Arakilen gelditu zen trena eta bidaiariak jaitsi ziren. Inork ez zien gertatutakoaren berri eman eta han zain egon behar izan zuten, enpresak autobusak jarri zituen arte. 22:00ak aldera hartu zuten etxerako bidea. Horren aurretik bidaiari batzuk auto stopa egin zuten. Garraioa-arazoari konponbidea eman zitzaion bitartean, egoera ez zen batere barea izan atzetik zetozen trenei ere eragin zielako. Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, ez zen aparteko gertakaririk izan egunean zehar. DYAk 76 pertsona artatu zituen. Haietatik bostek besterik ez zuten aparteko laguntza izan. Bat Etxarri Aranazko osasun etxera eraman zuten eta gainontzeko laurak Bideko Ama ospitalera (2 luxazio, hipergluzemia, buruan kolpea eta intoxikazio etilikoa).