Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2000. urteaz geroztik Gozamenez programaren ardatza sexualitatea eta gazteria dira. Gazteriaren artean sexualitatearen ikuspegi positiboa, errespetuzkoa, plurala eta aberasgarria zabaltzea du helburu programak. Horretarako gazteen artean sexualitatearen hainbat aspekturi buruzko hausnarketa eta eztabaida bideratzen ditu. Egunerokotasunean eta espazio publikoetan sexualitateak duen presentzia ere azaldu nahi du. Gazteak mugetatik baino aukeretatik sexualitatea garatzera bulkatu nahi ditu programak. Horretarako sexu heziketaren ikuspegi osoa eman nahi du, arriskuen berri ematera soilik mugatzen ez dena. Gazteei garapen pertsonala hobetzeko gaitasunak eman nahi dizkio. Asteburuko egitarauaSexualitateari buruzko zinema gauen 2. ziklorekin abiatuko da Gozamenez kanpaina. Altsasuko Iortia kultur gunean asteburu honetan eta hurrengoan bi film ikusteko aukera izanen da. Gaur eta domekan ez-gaitasun fisikoak dituzten pertsonen sexualitateari buruzko komedia bat, Nacional 7, emanen da. Gaur, 21:45eko emanaldiaren ondoren, Pili Mikeo sexologoarekin foruma izanen da. Hurrengo asteburuan Historia completa de mis fracasos sexuales filma da emanen dena. Urdiainen, bihar, 18:00etatik 20:00etara irri-jolas tailerra izanen da. Gazteak udaletxean bildu eta barre egiteko aukera aparta izanen dute. Bestalde, bigarren hezkuntzako gaztelaniazko ikasleak heldu den ostegunean ipuin kontalari erotiko baten saioa izanen dute. Fantasiaren, sentimenduen eta afektuen arloan murgildu eta plazera eta goxotasuna ezagutzeko aukera izanen da ipuinen bidez. Saioa Altsasuko Iortia kultur gunean izanen da, 11:15ean. Antolatzaileak: Etxarri Aranazko Emakumeendako Arreta Zentroa, Irurtzun, Uharte-Arakil, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri-Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordiko udalak.Koordinatzaileak eta parte-hartzaileak: Etxarri Aranazko Emakumeendako Arreta Zentroko hezitzailea; gazte erakunde eta gaztetxeak; Altsasuko Udaleko gazteria teknikaria; Etxarri eta Altsasuko udaletako kultur teknikariak; Gizarte zerbitzuetako prebentzio programetako teknikariak; Etxarri eta Altsasuko osasun etxeetako gizarte langileak; Sakanako Mankomunitatea eta Etxarri eta Altsasuko DBHko ikastetxeak.