Erdipurdi

Guaixe 2009ko urriaren 18a

Etxarri Aranatzek lidergoa eusteko primerako aukera zuen larunbatean, baina ez zuen probestu, Amigoren kontra bina berdindu baitzuen. Ongi hasi zen lehia Etxarrirendako, ordu laurdenean Ikerrek ongi jokatzen ari zen Etxarri aurreratu zuelako. Baina handik ordu laurdenera Amigok berdintzea lortu zuen. Bigarren zatia lehengoaren kalkoa izan zen: Etxarrik dominatu zuen eta atzera ere aurreratzea lortu zuen, baina hutsegite baten ondorioz Amigok bina berdindu zuen partida bukaeran. Bestalde, Altsasuk 1-2 galdu zuen etxean Bidezarra taldearen kontra. Bidezarrakoak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, baina handik gutxira berdintzea lortu zuten altsasuarrek. Bigarren zatian bi taldeen erritmoak behera egin zuen eta tamalez, isolatutako jokaldi baten ondorioz garaipenaren gola sartzea lortu zuen Bidezarrak. Erregional mailako III. multzoko liderra San Ignazio taldea da, 16 punturekin. Etxarri Aranatz hirugarrena da, 14 punturekin, eta Altsasu hamabigarrena, 5 punturekin. Larunbatean Etxarrik etxean jokatuko du, sailkapenean azkena den Urbasa taldearen kontra, eta Altsasu Beriainen ariko da, zortzigarrena den Beriainen kontra.