Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Rural Kutxak talde kontinentala izango du hurrengo denboraldian. Burunda Txirrindularitza Taldetik sortu da egitasmoa, baina Grupo Deportivo Preventia enpresak eramanen du taldearen gestioa. Floren Esquisabel altsasuarra izango da Rural Kutxa talde kontinentalaren manager nagusia, eta kirol managerra, aldiz, Juan Manuel Hernandez. Aurten Sakanako Rural Kutxa afizionatuen taldeko zuzendari Iñaki Juanikorena eta Eugenio Goikoetxeak hartuko dute talde kontinentalaren ardura, eta afizionatuen taldeko zuzendari berria Alejandro Hernandez izanen da. Horrela bada, Rural Kutxa talde kontinentala sortzeak ez du ekarriko afizionatuen taldearen desagerpena, eta Burunda Txirrindularitza Taldeak afizionatuen taldea gestionatzen jarraituko du. Momentuz 10 txirrindulari ariko dira taldean eta beste hiruzpalau kontratatzeko asmoa dute. Sakanako afizionatuen Rural Kutxatik Guillermo Lana, Fabricio Ferrari, Ruben Martinez, Ruben Garcia eta Garikoitz Bravok egin dute salto talde profesional berrira. Gainontzekoak Higinio Fernandez eta Arturo Mora (Cueva El Soplao), Egoitz Garcia eta David de la Cruz (EPC) eta Michal Kwatkowski dira. Talde guztien babesaRural Kutxa talde kontinentaleko arduradunek, zenbait komunikabidetan aipatu denari erantzunez, taldea ez dela Caisse d´Epargneren filiala izango adierazi dute. Talde profesional guztiekin erlazio ona izan nahi dute. "Mundu guztiarekin ongi eraman behar gara, Euskaltelekin, Caisse d´Epargnerekin eta hala nahi duten guztiekin. Euskalteli esker Rural Kutxa afizionatuen taldetik bertara 40 txirrindulari baino gehiago pasa dira azken urte hauetan. Badakite gure babesa izaten jarraituko dutela, eta baita gainontzeko taldeek ere. Talde guztiek euren filialak sortu dituzte baina guk ez: talde guztiendako babesa izan nahi dugu" adierazi du kirol manager Juan Manuel Hernandezek. Euren lehen denboraldian irudi ona ematea da taldearen helburua.