Sakanako emakumeak areto futbolera gonbidatu dituzte

Guaixe 2009ko urriaren 22a

Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak Emakumezkoen Nazioarteko II. Areto Futbol Txapelketa antolatu du, eta ekimena aurkezteko prentsaurrekoa eman zuten asteartean Immigrazio teknikari Bego Zestauk eta Irurtzungo Gizarte Zerbitzuetako langile Mikel Razkinek. Iaz Immigrazio Zerbitzuak lehenengo aldiz antolatu zuen areto futboleko nazioarteko txapelketa. Primerako giroa izan zen eta oso gustura pasa zuten animatu ziren emakume eta gizonezkoek. "Emaitzak ikusita errepikatzea pentsatu genuen, baina aurten soilik emakumeendako. Zergatik? Ikusi dugulako gizonen artean parte hartzea eta hemengo eta kanpoko pertsonak elkarren artean erlazionatzea eta kiroldegietara eta beste joatea errazagoa zela edo akaso barneratuagoa zegola emakumezkoen artean baino, eta horregatik emakumezkoena bulkatzea pentsatu dugu" adierazi zuen Bego Zestau immigrazio teknikariak. Ildo horretan, Mikel Razkinek gaineratu zuen gizonezkoak hurbildu zaizkiola txapelketaz galdetzen eta sorpresa hartu dutela aurten soilik emakumezkoen txapelketa izanen delako. "Baina baloratu genuen ekintza honek interes gehigarri bat zuela emakumeendako, eta hala egin dugu" nabarmendu zuen. Jatorri ezberdinetako jokalariz osatutako taldeakEmakumezkoen Nazioarteko II. Areto Futbol Txapelketan Sakanan bizi diren 16 urtetik gorako emakume guztiek har dezakete parte. Taldeek gutxienez 7 jokalari eta gehienez 14 izan ditzakete, baina talde bakoitzean gutxienez bi jatorritako jokalariak egon beharko dira. Izan ere txapelketaren helburua jatorri ezberdinetako jendea harremanetan jartzea da, eta talde bakoitzean jatorri ezberdineko jokalariak egotea txapelketako baldintza da. "Horrek bermatuko du elkarren arteko hartu-emana, elkarlana, adiskidetasuna eta beste, futbolean aritzeko" azpimarratu zuen Bego Zestauk. Urriaren 30era arte eman daiteke izenaEmakumezkoen areto txapelketan parte hartzeko izena ematea zabalik dago, urriaren 30era arte. Horretarako 648 07 07 10 telefonora edo Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko immigrazioa@sakana-mank.com posta elektronikora jo behar da. Izena ematen duten taldeen arabera, azaroko asteburu batean edo bitan jokatuko da txapelketa, azaroaren 22an, edo 29an, edo bi asteburuetan. Etxarri Aranazko eskoletako frontoian jokatuko dira partidak. Sariak, opariak eta trofeoak izanen dira, eta izena ematen duten pertsonen zenbakiaren arabera, auzatea edo bazkari-afaria prestatuko du antolakuntzak. Finean, Sakanan bizi diren emakumeen arteko harremanak sustatzeko eta emakumea eta kirola lotzeko asmoz antolatu da txapelketa. "Parte-hartze handia espero dugu baina badakigu jendea zirikatu beharko dugula areto futbol txapelketara animatzeko. Helburua polita eta handia da, eta emaitza polita izatea espero dugu. Iaz hiru emakume talde animatu ziren eta ea aurten ere animatzen diren!" adieraziz emakumeak bertan aritzera animatu zituzten Bego Zestauk eta Mikel Razkinek.