Europa ekialdeko abesbatzak Sakanan

Guaixe 2009ko urriaren 30a

Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan parte hartu behar duten abesbatzek kontzertua eskainiko dute Altsasun eta Etxarri AranatzenUrriaren azken astean Tolosara begira jartzen dira abesbatza zaleak. 1961etik bertan ospatzen da Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa ospetsua. 41.a izanen da aurtengoa. Gipuzkoako herria munduko abesbatza onenetarikoen bilgune bilakatzen da aste betez. Herrialde bakoitzeko estilo, interpretazio eta ahots heziketa trukatzeko eta Euskal Herriko musika tradizioa eta kultura zabaltzeko gune egokia izaten da. Europa, Amerika, Asia eta Australiako 21 abesbatza lehiatuko dira aurten, ahots nahasi, ahots talde edo haur abesbatzen sailean. Nafarroako Gobernua, Nafarroako Abesbatzen Federazioa eta Altsasuko eta Etxarri Aranazko Udalei esker, lehiaketan parte hartzera doazen bi abesbatza entzuteko aukera dugu asteburuan, Sakanatik atera gabe. Gaur esloveniarrak AltsasunEsloveniako Chamber choir krog abesbatza Altsasuko Iortia kultur guneko agertokira igoko da gaur, 20:00etan. 30 lagunek osatzen dute ganbara abesbatza hau. 2005ean sortu zuten taldera abeslari gazte baina trebatuek. Udaberritik, Ziva Ploj Persuh da zuzendari berria. Ibilbide laburra izan arren, sari garrantzitsuak irabazi dituzte: 2007ko udaberrian lehen saria lortu zuen Ba Ischl Nazioarteko Lehiaketan (Australia). Iaz, berriz, hirugarren saria irabazi zuen Maribor Nazioarteko Lehiaketan (Eslovenia). Udaberrian Ziva Ploj Persuh-ak hartu zuen taldearen zuzendaritza. Abesbatzaren errepertorioa errenazimendutik XXI. menderaino doa. Errepertorio zabal horretako ale ederra eskainiko ditu Altsasuko kontzertuan.  Hungariar ahots taldea EtxarrinSantu Guztien egunean, igandean, 19:00etan, Hungariako Discantus vocal ensemble taldea jarriko da kantuan Etxarri Aranazko elizan. 1996an sortu zen 12 kideko ahots taldea, Peter Meszarosen zuzendaritzapean. 25 eta 35 urte arteko gazteek osatzen dute ganbera abesbatza. 13 urteko ibilbide oparoan, kontzertuak eskaini dituzte haien sorterrian eta Europako zenbait hiritan eta zenbait sari irabazi dituzte: 2001ean, lehen sariak Budapest International Choral Competition lehiaketan eta Wernigeroden (Alemania); 2004an, zenbait sari, sari nagusia tartean, Gorizian (Italia). Musika sakroaren interpretazioan nabarmentzen da. Horren erakustaldia eskainiko du igandean.