Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Musika klasikoa haur eta gazteei gerturatzen saiatuko da Sakanako banda, bailarako musika eskolako ikasleekin eta Fernando Argentarekin bateraKontzertu berezia antolatu du Sakanako Haize Berriak bandak astebururako. Ikusle gaztea, banda eta musika klasikoaren arteko muga guztiak gaindituko ditu kontzertu didaktikoan. TVEko El conciertazo saio arrakastatsuko aurkezle Fernando Argentaren laguntza estimatua izanen dute horretarako. Musika, dantza, mozorroak, jolasak eta alaitasuna ordu beteko emanaldian. Altsasuko Burunda pilotalekuan hartuko du ikuskizun ederra bihar, 17:30ean. 1000 lagunendako lekua egin dute bertan. Azken sarrerak salgai daude Iortia kultur gunean eta, kontzertuaren aurretik, pilotalekuko leihatilan. Saritutako ikuskizunaHaize Berriak banda Etxarri Aranatz, Altsasu eta Tolosako musika eskoletako ikasleekin igoko da oholtza gainera, guztiak ere Luis Orduñaren zuzendaritzapean. Elkarrekin joko dituzte XVIII. eta XX. mendeko autore klasikoen obra ezagunak; zehatz-mehatz, Xostakovitx, Bizet, Schubert, Saint-Saens, Offenbach eta Strauss aita-semeen obrak. Maila handiko musika zalantzarik gabe, baina, zoritxarrez, orokorrean gazteek urruti sentitzen dutena. Hori aldatzeko saiakera eginen du Fernando Argentak. Adin guztietako ikusleak musika klasikoarekin gozatzeko gaitasun paregabea du telebista eta irratiko esatariak. Horren adierazle dira jaso dituen sariak, Onda, Montecarlo eta APEI esaterako.Gazteak bandaren musikara gerturatzeko helburua du Haize Berriak bandak, haiek baitira etorkizuneko entzuleak. Haiek erakarri nahian, protagonista bihurtuko dira bihar ikusle edo entzuleak. Ikuskizunean parte hartzera gonbidatuko dituzte besaulkietatik koreografiak jarraituz edo mozorrotu eta dantzatuz. Musika eskolatik oholtza gaineraBailarako kultur dinamizatzaile garrantzitsua da Haize Berriak banda. Helburu hori kontuan hartu du biharko kontzertua antolatzeko orduan. Bertan parte hartzeko gonbitea egin die bailarako musika eskolei. Altsasuko eta Etxarri Aranazko musika eskolek bat egin dute ekimenarekin. Hamar ikaslek parte hartuko du lehenengotik eta zazpik bigarrenetik. Tolosako musika eskolako hiru ikasle ere ariko dira. Musika ikasketa osatu eta banda baten funtzionamendua gertutik ezagutzeko aukera polita dute gazteek. Sakanako ikasleak: Altsasuko musika eskola: Izaskun Martinez, Amaia Oiarbide, Irati Oiarbide, Asier Palacios, Kepa Paniagua, Edurne Leiñena, Jorge Herrero, Iker Borrega, Jokin Unamuno eta Erkuden Aldasoro.Etxarri Aranazko musika eskola: Kimetz Garde, Oier Huizi, Javier Hurtado, Joanes Bengoetxea, Izai Mauleon, Alex Unzilla eta Aimar Ijurra.