Mankomunitateak enpresak eta dendak birziklatzera animatu ditu

Guaixe 2009ko urriaren 29a

Sakanako Mankomunitatea ibarreko enpresa, denda, ostalaritzako establezimendu, profesional eta besterengana jo du. Gutun eta esku orri bat helarazi die guztiei. Batetik, "orokorrean hondakinak bereizteko egiten duten ahalegina eskertzeko, eta bestetik, hondakinak behar bezala tratatu ahal izateko bereizketa ongi egiteak duen garrantzia gogorarazteko". Esku orriaren bidez kanpainaren hartzaileek Mankomunitateak eskaintzen dituen bilketa zerbitzuen berri eman diete. Edukiontzi bakoitzean zer sartu behar den azaltzeaz gain, ohartarazi dituzte "hondakin arriskutsuak ezin direla edukiontzietan bota, nahiz eta industrialde batean egon". Mankomunitatea jabetu da zenbait industrialdetan hondakin arriskutsuak (olioak, bateriak, fluoreszenteak, pneumatikoak...) "mota eta kolore guztietako edukiontzietan botatzen direla, eta horrek arazo larriak eragiten ditu". Gaikako bilketa sistema errespetatzen dutenak eta industriako hondakin arriskutsuen ekoizle gisa dituzten betebeharrak betetzen ez dituztenak "gutxi batzuk" direla ziurtatu arren, Mankomunitateak dei egin du "hondakin bakoitza dagokion edukiontzian uzteko eta hondakin arriskutsuak bertan ez botatzeko".