Etzi hitzordua hilerrietan

Guaixe 2009ko urriaren 30a

Igandean Santu Guztien eguna edo Domini Santu eguna ospatuko da eta horregatik makina bat sakandar hilerrietara hurbilduko dira. Kanpoan bizi diren bat baino gehiago ere egun horretarako propio etortzen dira, senideekin biltzeko aukera ematen baitu egunak. Baratzean propio landatu eta zaindutako loreekin edo erositakoekin bada ere, hilobiak eta haiekin kanpo santuak edertu eginen dira. Plastikozko edergarrien aukera ere nabaria da. Azken egun hauetan ere asko izan dira hilobiak, hilarriak, panteoiak, nitxoak, kolunbarioak eta beste garbitzen eta haien ingurua txukuntzen ari direnak. Guztiek era familiakoez eta lagunez oroitzeko. Bada hilerrirako bisita urteko beste edozein egunetan egitea nahiago duena ere, Domini Santu egunean baino. Ospakizuna igandean denez, aurten ere ez da zubirik izan eta jendea etxean harrapatu du ospakizuna.