Gotzon Garate

Guaixe 2009ko urriaren 30a

Urriaren 8an urtea bete da GOTZON GARATE GOIHARTZUN euskal idazle eta hizkuntzalari jesulaguna hil zela. Haren hiru obra hautatu ditugu etxeko gazteekin irakurri ondoren "liburu-forum" egiteko balio dezaketenak.Zekizkien bederatzi hizkuntzen artean hindia zegoen. Hara eginiko bidaietan ikasi zuen eta han ikusi eta bizitakoarekin "INDIA HARRIGARRIA" (Elkar, 2001) liburua idatzi zuen. Ez da bidaia-liburua, ezta India idilikoaren ingurukoa ere, bertako alde mingarriena deskribatu baitzuen. Benetako kronika laburrak azaltzen ditu bere gordintasunean: prostituzioa, emakume eta haurren gaineko jazarpena, arrazakeria, kasta banaketa, erlijio borrokak...Dena den, "lurralde miresgarririk, amesgarririk ikusi nahi baduzu zoaz Indiara"- zioen Gotzon Garatek-"Indian zeruaren ederra eta infernuaren latza elkarturik aurkituko dituzu" .Bestaldetik, "modernotasun distira ikusteko ez da New York bezalako hiririk" ere adierazi zigun.  Horren lekuko "NEW YORK, NEW YORK" ( Elkar, 1988an idatzi eta 2009an  berrargitaratua) kronika beltz liburua dugu. Honetan ere  alderdi soziala ardatza da protagonistak baztertuak, drogazaleak, mafiosoak, traza guztietako pertsonak aurkituko ditugularik. Urtero joaten zen eta bertan aholkulari-lana egiten zuen arazoak zituzten pertsonei laguntzen zien erakunde batean: ikusten zuena oinarritzat hartzen zuen baina morboa piztu dezaketen xehetasunik eman gabe.Bi liburuen irakurketa azkarra da , erritmo bizikoa, pasarte eta esaldi motzez osaturik baitaude. Euskara zaindua bezain ulergarri eta aberatsa. Biei ere apaizaren moral katoliko kutsua  darie zenbaitetan baina biak ere interesgarriak.Bukatzeko, eta etxeko gazteekin  irakurtzen segitzeko Gotzon Garateren eleberri beltz-laburra  aipatuko dugu: "IZURRI BERRIA".- BAK, 1982.- Elkar, 1984.Argitaratu zen garaian ahots kritiko batek "ez ote litzateke hobe izango "Nobela Negra"ko titulu garrantzitsuenak euskaratzea, hauetako erdi-kopiak egin baino?" azaldu zuen baina Izurri Berria kopia txarra baino gehiago da. Bilbon  girotutako eleberri poliziakoa dugu, bukaera arte jakin nahia mantentzen duena, bukaera erreala, gogorra duena, protagonista ere gizon arrunta duena .Euskara zaindua eta aberatsa izan arren ulergarria da oso eta oraindik euskaraz irakurtzen ohiturik ez daudenendako  aproposa.Izaskun Etxeberria Zufiaurre