Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Antsoainen Gazte Berriak eta Etxarri Aranatz taldeak aritu ziren lanean. Partida oso lehiatua izan zen, baina gol aukerak oso gutxi izan ziren. 34. minutuan Ikerrek Etxarri aurreratu zuen markagailuan, penalty bat sartu eta gero. Atsedenaldiaren ondoren, Gazte Berriakek asko barkatu zuen eta egoera hori probestu zuten etxarriarrek, Mikelek taldearen bigarren gola sartu baitzuen. Nahiz eta Gazte Berriakek lan asko egin ez zuen saririk jaso eta hiru puntuak Etxarrira etorri ziren. Bestalde, Altsasuk garaipena zer den ia ez du gogoratzen, larunbatean 0-3 galdu baitzuen etxean Mutilberaren kontra. Lehen zatian ongi aritu ziren altsasuarrak tarteka joko ona erakutsiz eta kontrako atera ailegatuz, baina hori bai, asmatu gabe. Tamalez, Mutilberak gola sartzea lortu zuen izan zuen aukera eskasenetako batean. Bigarren zatian Altsasuk joera berberarekin jarraitu zuen, jokatuz baina kontrako atean asmatu gabe, baina falta bati esker Mutilberakoek bigarren gola lortu zuen eta partida bukaeran Altsasuko atezain eta defentsa baten gaizki ulertu baten ondorioz Mutilberak hirugarren eta azken gola sartu zuen. Eta horrela despeditu zen lehia. Erregional mailako hirugarren multzoko lider berria Etxarri da, 20 punturekin. San Ignazio bigarrena puntu batera du. Altsasu hamabosgarrena da, azkenaurrekoa, 5 punturekin. Larunbatean etxean jokatuko du Etxarri liderrak, 16 punturekin laugarrena den Iruña taldearen kontra, eta Altsasuk 13 punturekin zazpigarrena den Beti Onak taldearen kontra jokatuko du azken hauen etxean.