Xahmaran, Jon Arretxeren azken bidaia

Guaixe 2009ko azaroaren 30a

Kalean dago Jon Arretxeren azken liburua: Xahmaran. Erein argitaletxeak argitaratu du euskaraz eta gazteleraz. Argitaletxearen bilduma berria mustu du liburuak, Uzta Gorria bilduma. "Eskertzekoa da argitaletxeak nigan jarritako konfiantza" adierazi du Arbizun bizi den idazleak.Ekialdeko herrialdeetara garamatza eleberriaren izenburu goxoak. Asia erdialdeko izaki mitologikoa da Xahmaran, emakume eta suge itxurakoa. Jakituria, ugalkortasuna, bizitza eta heriotzaren irudia da. Hitz bakarrarekin, toki eta giro jakin batean kokatu du liburua Jon Arretxek.Bidaia nobela beltzaNobela beltzari emana dago azkenaldian Arretxe (Fatum, Morto vivace) eta hor kokatu du bere azken liburua ere. Baina, bere eleberri guztietan bezala, bidaia liburuen kutsua dagi eleberriak. Hiru jomuga izan ditu oraingoan: Istambul, Munich eta Kurdistan, aski ezagunak dituen hiriak eta herrialdeak. "Bidaietan sortu dira liburuko pertsonaia eta egoera asko" azaldu digu Arbizun bizi den idazleak.Kawak eta bere familiak lotzen ditu hiru herrialde horiek: Istambulen bizi da Kawa sikarioa. Miseria gordinean, hori du ama elbarria zaintzeko modu bakarra. Amak, berriz, herriminak jota, amets bakarra dauka: hil aurretik Kurdistanera, senarra eta semeak lurperatu zituen herrira itzultzea. Geografikoki eta kulturalki urrutiago dago Munich, baina gertu sentitzen dute protagonistek, milioika turkiar bizi baitira bertan. Han bizi dira besteak beste Kawaren anai-arrebak. Gertaera lazgarriak bertara eramanen du protagonista. Aberri lapurtuaren grina, biziraupenerako borroka, hilketak, misterioa, xenofobia, idealak eta desengainuak, pertsonaien dekadentzia... Abilezia narratibo handiz, zehazki modulatuta eta sentsibilitate paregabez josita, gai horiek guztiak lantzen ditu Jon Arretxek Xahmaran eleberrian.IdazleaAurpegi askotariko idazlea da Jon Arretxe. 20 lan baino gehiago argitaratu ditu itzulpen, ikerketa, eleberri, bidaia kronika eta kontakizunen artean. Azken urteetan, irakasle lanak utzi eta buru-belarri murgildu da idazketan. "Hori da gustatzen zaidana" azaltzen du. Idazketa lanari, liburuen eta bidaien inguruko hitzaldiak gehitzen dizkio "eskatzen didatenean". Liburuaren aurkezpen lanetan murgilduta dabil orain idazlea. Durangoko azokan eginen du hurrengo aurkezpena, abenduaren 6an. Diapositiba emanaldia ere eginen du, aurkezpena goxoago egiteko. jonarretxe@yahoo.comLiburuaren kritika eta komentarioak egiteko eskaera egiten du basauriarrak. "Asko eskertzen dut. Gerora idazteko baliagarri zaizkit aholkuak" dio. "Hartu-eman polita sortzen da idazle eta irakurleen artean" gaineratu du. www.erein.comEleberriaren lehen kapitulua irakurgai dago web orrian.