Literatura-solasaldia Uxue Alberdirekin

Guaixe 2009ko abenduaren 1a

Zubi luzeak emanen dio hasiera abenduari. Egun hotz eta heze horietarako proposamen ederra egin du Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak: Uxue Alberdiren Aulki-jokoa liburua irakurtzera gonbidatu ditu sakandarrak. Ondoren, abenduaren 17an, 19:00etan, literatur solasaldia eskainiko du idazleak Altsasuko Iortia kultur gunean. Bizitzaren metafora da Aulki jokoa. Denok gabiltza aulki batzuen inguruan dantzan, baina beti falta da aulkiren bat. Estilo dotorez eta arinaz istorio xume bezain aberatsak kontatzen dituzte liburuko pertsonaiek. Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia... gai handi eta eternalak lantzen ditu Uxue Alberdik bere bigarren eleberrian. Elgoibartarrak bertsolaritzarekin eta kazetari lanekin partekatzen ditu idazle lanak. Berarekin hitz egiteko aukera izanen da Altsasun.