Astelehenean Iruñean prentsaurrekoa eman zuten falangisten erasoak jasan dituzten hainbat pertsonak, tartean Arbizuko zinegotzi den Fran Balda. Agerraldian salatu zuten Falange y Tradicion taldeak ustez egindako erasoen atzean "inpunitatea eta isiltasun giroa" dagoela. Aurreratu zutenez, atxilotuen aurkako auzian akusazio gisa agertzen ahaleginduko dira.Prentsaurrekoan nabarmendu zuten auzitegiak oraindik ere ez duela atxilotze autoa aditzera eman. Horrek atxilotuei zer ekintza leporatzen zaizkien edo operazioa itxita dagoen jakitea eragozten diela jakinarazi zuten. Beste atxiloketa batzuei ematen zaien tratamenduarekin alderatu zuten operazio hori, oraingoan hainbat datu ez direla zabaldu nabarmenduz. Aldi berean, gogora ekarri zuten heriotza mehatxuak edo lehergailuak jartzea bezalako ekintzak aldarrikatu zituztela, eta haiek terrorismo gisa ez kalifikatzea salatu zuen. Nabarmendu zutenez, "Rubalcabak larritasuna kendu nahi izan zien". Gogora ekarri zuten argitu gabeko erasoak ere bazeudela. Horien artean, besteak beste, Alain Berastegi arbizuarraren bahiketa aipatu zuten.