22 langabe gutxiago

Guaixe 2009ko azaroaren 4a

Bigarren hilabetez jarraian langabeziak behera egin du Sakanan. Agorrila 1.298 langabeturekin bukatu eta gero, irailean beherako bide txikia hartu zuen langabezia tasak. Bi pertsona gutxiago ziren zerrendan zeudenak irailean eta lastailean 22 izan dira. Altsasuko enplegu bulegoan langabeziak %2,65 egin du behera. 30 pertsona gutxiago, beraz, baina Arakil aldean gora egin du eta jaitsiera 22koa izan da soilik. Hala ere, oraindik 1.274 sakandar daude enplegu bila. Sakanako langabetu gehienak emakumeak izaten jarraitzen dute, 702, aurreko hilean baino bi gehiago. Langabezi zerrendetan gizonen kopurua 572 da (24 gutxiago).Lan sektoreei dagokionez, zerbitzu arloan lan egiteko dago eskaera gehien 641 (aurreko hilean baino 13 gutxiago). Industrian aritzeko aurreko hilean baino 23 lan eskaera gutxiago daude, 458. Eraikuntzan arlorako sakandarren eskaerak 106 dira (7 gehiago). Abeltzaintzan, berriz, 17 eskaeren kopurua mantendu da. Azkenik, aurretik lanik egin ez dutenen kolektiboa lastailean 52 sakandarrez osatuta zegoen (7 gehiago). NafarroaHerrialdean langabeen kopuruak gora egin zuen lastailean: 38.737 lagun lanik gabe zeuden hil horretan, aurreko hilean baino 1.384 gehiago (%3,71). Sexuari dagokionez, 19.643 langabe emakumeak dira (aurreko hilean baino %0,32 gehiago) eta 19.094 gizonak (%4,28 gehiago).Nafarroako Gobernuko Lan zuzendari nagusi Imelda Loreak datuaren balorazio "negatiboa" egin du, "hiru hilabetetan estrainekoz langabeziak gora egin duelako". Hala ere, iazko hil berean baino igoera txikiagoa izan dela nabarmendu du.