Zaldiekin terapia eta musikoterapia saioak ez gaituendako

Guaixe 2009ko azaroaren 5a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Sakanako Ezgaituen Elkartearen laguntzarekin ez gaitasunen bat duten pertsonendako eskaintza berezia prestatu du: zaldiekin terapia eta musikoterapia. 12 urtetik goragoko pertsonek eman ahal dute izena, eta tailerrak doan izango dira. Lehen kasuan zaldiak eta jarduera instrumentutzat erabiliz pertsonen garapena da helburua, eta bigarrenean musika, erritmoa eta instrumentuak erabiliz pertsonen garapena da xedea. Aipatu bi ikastaroekin aisialdia landu eta aldi berean ariketa fisikoa egiteko aukera eskaini nahi da, beti ere helburu nagusia bizi kalitatea hobetzea dela. Lortu nahi diren beste xedeak honakoak dira: zentzumenen estimulazioa lantzea, erlaxatzea, ariketa egitea (alde muskularra hobetu, oreka landu, koordinazioa...), gorputza ezagutzea, eta alde kognitiboa, emozioak eta sentsibilitatea lantzea. Dena onurakJarduera fisikoak onurak dauzka pertsonengan. Ariketa praktikatzeak gorputzeko giharreak, hezurrak, tendoiak, metabolismoa eta beste aktibatu, biziarazi eta martxan jartzen ditu. Eta bestalde onura sozial garrantzitsuak ekartzen ditu, jarduerak dirauen bitartean pertsona guztiak elkarrekin daudelako eta elkarren artean erlazionatzen direlako. Honek guztiak psikologikoki ere eragiten du, gorputza arina, erosoa eta osasuntsua izateaz gain, beste pertsona batzuekin kontaktuan egoteak, sentsazioak kontatzeak eta bestek finean poza dakarrelako pertsona guztiendako, kontentuago egoten laguntzen du. Lau taldeLauzpabost kideko lau talde osatzea da ideia. Talde bakoitzak azaroan 2 ordu musikoterapia eta 2 ordu zaldi terapia izanen ditu. Jarduerak larunbat goizetan burutuko dira. Izena emateko azaroaren 10a baino lehen deitu behar da Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura (948 464 866). Jarduerak dohainik izango dira eta ez gaitasunen bat daukaten Sakanako pertsonei zuzenduta daude, 12 urtetik gorakoei. Izena ematen dutenek derrigorrezkoa izanen dute klasera joatea. MusikoterapiaMusikoterapia Olatzagutiako kultur etxeko areto batean izanen da, eta bertara nor bere kabuz joan beharko da, senitartekoak edo beste lagunduta. Gaian aditua den Maite Ulazia Mikeok emango ditu saioak. Azaroan saio bat eta abenduan beste saio bat eskainiko dio talde bakoitzari, larunbatetan. Ordua eta egun zehatzak taldearen arabera izango dira. Gehienez 5 pertsona ariko dira taldeko. Zaldi terapiaBikuñako zalditegian izango da zaldiekin terapia jarduera. Kasu honetan, taxiak herriz herri pasako dira izena eman duten pertsonak jasotzeko, eta jarduera burutu eta gero bakoitza bere etxera eramango dute. Talde bakoitzean hiru monitorek lan egingo dute.  Azaroan saio bat eta abenduan beste bat eskainiko zaio talde bakoitzari, larunbatetan. Ordua eta egun zehatzak taldearen arabera izango dira.