Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean eman zioten hasiera 2009ko Nafarroako Euskal Kantu Txapelketari. Etxarri Aranazko kultur etxeak hartu zuen lehen kanporaketa. Kanpoko haize eta euri zaparradatik ihesi, familia, lagun eta herriko ikusleen txaloen berotasunean abestu zuten abeslariek. Bi bikotek eta bi taldek parte hartu zuten lehen kanporaketan. Lau taldeen ausardia nabarmendu zuen aurkezleak, Berriobeitin parte hartuko dutenek baina aste bete gutxiago izan baitute prestatzeko. Ananda eta Izai Larrea, Tafallako bikoteak ireki zuen txapelketa Berri txarrak taldearen Min hau abestiekin. Ondoren, haien lagunak igo ziren agertokira eta, taldea osatuta, Su ta gar taldearen Itxaropena abestu zuten. Haien atzetik, Uxua Andueza eta Amaia Oiartzun igo ziren oholtza gainera. Bera eta Alkozko bikoteak Alaitz eta Maiderren Hodei kantu goxoa eskaini zuten. Altsasuko Iaioak taldea izan zen oholtza gainera igotzen azkena. Bi talde ezagunen bertsioak eskaini zituzten altsasuarrek: Ausaz egin dezagun (Ella baila sola taldearen Lo echamos a suertes abestian oinarritua) eta Ito nazazu (The Corrsen Breathless abestian oinarritua). Alazne Gineak, Ainhoa Ramirez de Aldak eta Olatz Monrealek Maite Gonzalezen eta Endika Jakaren laguntza izan zuten, baxuarekin lehena eta bateriarekin bigarrena. Arazo teknikoen ondorioz, ez zen baxua entzun lehen kantan eta bigarren aldiz abesteko aukera izan zuten. Saioa borobiltzeko, lehiaketatik kanpo Maite Mene bakarlaria eta Altsasuko Aintzane eta Jaione Diaz ahizpak igo ziren oholtza gainera. Haien emanaldi hunkigarriarekin gozatu zuten ikusleek. Bihar 2. kanporaketaBihar jokatuko da Nafarroako Euskal Kantu Txapelketako bigarren kanporaketa, Berriobeitiko kultur etxean. Biharko kantaldia entzun ondoren erabakiko du epaimahaiak zeintzuk sailkatuko diren finalerako. Azaroaren 21ean izanen da finala, Elizondoko Lur aretoan. Bertan agurtuko dute 2009ko Nafarroako Kantu Txapelketa.