Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gainean dugu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako final handia eta dagoeneko urduritzen hasi zaizkigu bertsozaleak. Abenduaren 13ra arte itxoin ezin, eta bertso saioak nahiz bertso afariak antolatzen hasi dira nonahi. Sakanara ere iritsi da bertso uholdea. Saio bikoitza izanen dugu larunbatean: 20:00etan, goi mailako bertso saioa hartuko du Altsasuko Iortia kultur guneak. 21:30ean, berriz, bertso afaria izanen da Satrustegin. Finalistak bertsotanAltsasuko Kima Euskara Taldeak antolatuta, Bertsoberriz, Altsasun zikloan murgilduta dabiltza azken aldian Burundako herrian. Bertso afariak eta bertsound ikuskizun bereziak bertso saio klasikoari eginen dio lekua larunbatean, 20:00etan. Euskal Herriko Txapelketan lehiatzen ari diren lau bertsolari igoko dira bihar Iortia kultur guneko oholtza gainera. Xabier Silveira (Nafarroako txapelduna), Iñigo Olaetxea (Nafarroako Txapelketako ohiko finalista, aurten 4.a), Oihane Perea (Arabako txapelduna) eta Asier Otamendi (Arabako txapeldunordea). Haiekin batera Angel Mari Peñagarinako eta Jon Martin (Gipuzkoako azken bi txapelketetan txapeldunorde eta hirugarren) bertsolari gipuzkoarrak ariko dira. Edozein bertsozale asetzeko moduko kartela. Joseba Beltza etxarriarra izanen da gai-jartzailea. Altsasuko Iortia kultur guneko areto txikiak hartuko du bertso saioa. Beraz, sarrerarik gabe geratu nahi ez duenak, lehenbailehen hartu beharko ditu. 5 eurotan salgai daude Iortia kultur gunean. Bertso afaria ArakilenArakilgo Udazkeneko Kultur Agendak bertso afaria ekarriko du larunbatean. 21:30ean jarri dute hitzordua, Satrustegiko Mikorena etxean. Nafarroako Txapelketan lan ederra egin duten hiru bertsolari ariko dira bertsotan: Jon Elizetxe, Jon Barberena eta Erika Lagoma; baztandarrak eta lesakarra arakildarren mahaian. Jan eta kantuan ari dena zentzugabea omen. Horregatik, tripa ongi bete eta ondoren hasiko dira bertsotan hiru lagunak. Afal oste ederra izanen dute, zalantzarik gabe.