Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kerobia taldearen eskutik datorkigu proposamen berri hau. Hainbat urte daramatza talde honek musika munduan murgilduta jada, bizkarrean bost grabaketa lan dituztelarik.2001ean sortu zen taldea eta ziur guztioi ezaguna egiten zaigula Kerobia izena. 2003. urtean kaleratu zuten beraien lehen maketa, autoekoizpena. Ondoren "Kerobia" diskoa kaleratu zuten, Gor diskoetxearen zigiluarekin 2004an eta jarraian "Rose Escargot" 2006an, zigilu berarekin. 2008an proiektu berezi batean murgildu zen taldea, esan beharra dago hainbat aldaketa jasan zituela taldeak partaideen alorrean. Beraien proiektu berria hiru disko kaleratzea zen, bakoitzak bere izaera izanik, baina hirurak mundu berean murgildurik. Lehen biak kalean daude jada, "Materia organikoak eta gainerakoak" bata, 2008an kaleratutakoa, eta bigarrena "Papera eta kartoia" aurten kaleratua. Azken lana falta zaie hirukote berezia burutzeko. Era berean epilogoaren proiektua aurkeztu berri dute, hau da, Kerobia taldeko kideek osatu berri duten saio akustikoa. Oraintxe azalduko dut zertan datzan epilogo hau; taldearen filosofia eta zuzeneko indarrari eutsiz formatu edo leku txiki batera pasa nahi dute, eszenaratze berezi batez lagunduta. Batetik Maite Gurrutxagaren ilustrazioen diapositibak proiektatuko dira, sentimenduz betetako atrezzo baten gainean. Honi laguntzeko Kerobiaren kantu berri eta eraberritu batzuk, baita kaleratu gabeko kantu berri batzuk ere. Era berean hiru historia txiki kontatuko dizkigute taldeko kideek entzulearekin harremana sortzeko helburuarekin. Hau guztia esanda, Sakana aldera hurbilduko direla badakigu jada, azaroaren 13an gaueko hamar eta erdietan Olaztiko kutur etxean. Besterik gabe animatu epilogo berezi hau ikustera, eta elkar gaitezen guztiok Kerobiaren atrezzo emotiboaren azpian.Lur Larraza