Altsasu erretiratu egin da

Guaixe 2009ko azaroaren 9a

Erregional mailako hirugarren multzoan aldaketa handia gertatu da, Altsasu ligatik erretiratu egin delako. Horregatik, orain arte Altsasuren kontra partidak jokatu dituzten taldeen emaitzak kendu egin ditu Nafarroako Futbol Federazioak eta sailkapenean aldaketak gertatu dira. Uztearen arrazoiakSociedad Deportiva Alsasuatik adierazi dutenez, hainbat arazok egin dute bat Erregional mailako taldea erretiratzeko erabakia hartzeko. Nagusia, jokalarien falta da. 20 jokalarik osatu zuten 2009-2010 denboraldiko taldea, baina gutxinaka jokalari gutxirekin geratu direla azaldu digu Sociedad Deportiva Alsasuako futbol saileko buru Pablo Lopez Colinak. "Denboraldi aurrean bi jokalarik taldea utzi zuten, eta denboraldia hasi berritan beste batek. Horretaz gain hiru jokalari larri lesionatu dira, eta beste bi jokalariri ebakuntza egin diete. Hortaz, baja asko dira eta hankamotz geratu da taldea, motibazio faltarekin. Eta gainera, emaitzek ere ez badute laguntzen, egoera korapilatzen da" dio Pablo Lopez Colinak. Eta horri guztiari jokalari batzuen jokaera gehitu behar zaiola azaldu du presidenteak. "Geratu den plantillako jokalari batzuen jarrera ez da egokia. Ez dituzte entrenamenduak serio hartzen eta taldearekiko oso jarrera negatiboa dute, guztia nahasiz eta giroa korapilatuz. Jokalariak baino lehen pertsonak gara, eta ez badugu errespeturik ez jarrera egokirik jartzen horrela ezin da lan egin" dio Pablo Lopezek, triste, beste jokalari batzuk ardura handikoak direla gaineratuz. Baina nonbait jokalari batzuk ez ziren entrenamenduetara ere agertzen, taldea jokalari gutxirekin zegoenez, guztiak jokatzera deituko zituztela jakitun. "Ibai Martinez de Albeniz entrenatzailea Araiatik etortzen zen lanera eta egun batean bost jokalari zituen entrenatzeko, eta beste zenbaitetan "eguraldi honekin ez dugu entrenatuko, ez?" bezalako esaldiak entzun behar zituen. Horiek ez dira moduak eta fundamentua ez badago uztea da onena. Eta hori egin dugu. Oso erabaki zaila eta gogorra hartu behar izan dugu, Erregional maila uztea, baina ez dugu beste biderik izan, eta erabaki horrek gu mintzen gaitu gehien" gaineratzen du Pablo Lopezek. Nafarroako Futbol Federazioan aspaldi azaldu zieten zer nolako arazoak zituzten eta denboraldia uzteko erabakiak ez ditu sorpresaz hartu. Hortaz, Federazioak jarritako isuna onartu eta ordainduko dutela aurreratu dio Pablo Lopezek Guaixeri. Gazteen mailatik jokalariak igotzea posible ote zen galdetuta, hori ez zela behin betiko soluzioa argudiatzen du Sociedad Deportiva Alsasuako futboleko arduradunak. "Gutxienez 7-8 jubenil igo beharko genituen. Laguntza puntuala gauza bat da, baina gaztetxo horiei ezin diezu taldea tiratzeko ardura eman. Erregionaleko giroa dagoen bezala egonda gauza bat estaltzeko ezin genuen jubenilen kategoria ere hankaz gora jarri. Horregatik errudunak sakrifikatzea erabaki dugu. Guk erregional mailakoengan konfiantza jarri dugu eta ongi erantzun behar zutela pentsatu genuen. Baina ez dute hala egin eta taldeak ezin du horrela jarraitu" azpimarratu du buruak. Hurrengo urterako talde berria sortu nahi duteHurrengo urtera begira talde berria sortzea eta Erregional mailan aritzea da Sociedad Deportiva Alsasuaren helburua, eta horretan daude. Legalki ez dago arazorik, Erregionala azken kategoria delako, eta hasi nahi duten taldeek bertan eman dezaketelako izena. Orain arte herriko jokalariekin jokatzea zen taldearen filosofia, baina gertatu denak hori ere jarri du kolokan. "Orain arte jarrera okerra izan duten jokalari horiek ez dute tokirik hurrengo denboraldiko talde berrian, jokabide egokia eta ardura izan dutenek soilik jarraitu ahal izango dute taldean. Eta hemen jokalari nahikoak ez badaude Iruñetik, Araba aldetik edo dena delakotik sei edo zazpi jokalari ekarri behar baditugu hala egingo dugu, talde berriaren oinarria osatzeko. Eta horiei jubenil mailatik igoko diren jokalariak gehituko dizkiegu" dio Pablo Lopez Colinak, proiektu berria sortzeko buru-belarri lanean daudela adieraziz. Bestalde, Sociedad Deportiva Alsasuako gainontzeko kategorietan dabiltzan taldeek, gazteen mailatik benjaminetara, euren martxan jarraituko dutela dio futbol arduradunak, "talde horiekin ez baitago inolako arazorik eta bikain aritzen baitira". Denboraldia hasi baino lehen Pablo Lopez Colinari Guaixen egindako elkarrizketan "goian egotea eta mailaz igotzea" ziren Altsasu talde erregionalaren aurtengo helburuak, eta hortaz, erretiratu behar izatea txanponaren beste aldea izan da. Espero dezagun hurrengo denboraldirako gogoberrituta eta ilusionatuta itzultzea. Etxarri liderrak atseden jardunaldia izango duBestalde, Etxarri Aranatzek eta Iruñak bina berdindu zuten larunbatean San Donato futbol zelaian jokatutako partidan. Ez zen dominatzaile argirik egon, eta 17. minutuan Etxarrik aurreratzea lortu zuen Ruedaren gol bati esker. Iruñeak penaltya huts egin eta lehen zatia bukatzear zegoenean bigarren gola sartu zuen Etxarriko Ferminek eta arbitroak Etxarriko atezaina kaleratu zuen, areatik kanpo baloia eskuekin gelditu izanagatik. Bigarren zatian Iruñeak berdintzea lortu zuen. Arbitroak beste jokalari etxarriar bat kaleratu zuen eta arbitroak bi taldeak ez zituela berdin epaitu salatu zuten zaletu askok. Nolanahi ere Etxarrik lidergoari eusten dio, 21 punturekin. Bigarrenak, San Inaziok, 19 puntu ditu eta aipatu dugunez, Altsasu erretiratu egin da. Larunbatean Altsasu eta Etxarri Aranatzen arteko derbya jokatzekoa zen, baina Altsasu erretiratu egin denez, Etxarrik atseden jardunaldia izango du.