200 abeslari kantuan

Guaixe 2009ko azaroaren 13a

Igantzi, Bortziriak, Doneztebe, Lizarra, Aiegi, Etxarri eta Altsasuko abesbatzak Iortia kultur gunean bilduko dira biharNafarroa ipar mendebaldeko abesbatzen VIII. topaketa hartuko du bihar Altsasuko Iortia kultur guneak. Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak harrera eginen die Bortzirietako Igantzi eta Giltzarri abesbatzei, Doneztebeko Mendi abesbatzari, Lizarrako Ereintza abesbatzari, Aiegiko Santiago bidea abesbatzari eta Etxarri Aranazko abesbatzari. Arratsaldeko 20:00etan emanen diote hasiera abesbatzen festa handiari. Zazpi abesbatzek leporaino beteko dute Iortia kultur guneko agertokia. Txandaka, nork bere emanaldia eskainiko du lehenik. Anfitrioiak, Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak irekiko du topaketa Urruñuelaren Agurrarekin. Bocelliren Con te partiró abestiarekin lekua eginen diete gainerako abesbatzei. Lizarrako Ereintza abesbatzak hartuko du txanda, Lesbordesen Ama eta Leteren Salbadorren heriotza kantu eztiekin. Etxarriko abesbatza izanen da oholtza gainera igotzen hurrena. Bi estilo ezberdin aukeratu dituzte etxarriarrek: Garbizuren Akerra ken eta Blackwell-en Steal away eskainiko dituzte. Aiegiko abesbatzak Miskinis-en Gloria eta Aita Donostiaren Benerabilis barba interpretatuko ditu. Isabel Lakarrek zuzentzen dituen bi abesbatzak etorriko dira jarraian: Igantziko abesbatzak Azpiazuren Lo kanta eta Sorozabalen Bihotz bat abestuko ditu eta Giltzarrik Ingeniriren Eccequo modo eta Beatriz Coronaren Solo de guitarra. Doneztebeko Mendi abesbatzak itxiko du banakako txanda, Rosanaren Si tu no estas aqui (Julio Dominguezek moldatua) eta Julen Ezkurraren Haritz adarrean kantuekin.Banakako txanda amaituta, elkarrekin abestuko dute bost abesbatzek. Fernando Remacharen 25. hil-urteurrena betetzen den honetan, Tuterako musikagilea gogoan izanen dute 200 ahotsek, Horra hor goiko abestuz. Burundako txistulariak lagun dituztela, Salaberriren Mendirik mendi alaiarekin itxiko dute topaketa. Entzun eta ikasiNafarroa ipar mendebaldean zortzi abesbatza daude federatuta eta urtero txandakatzen dira kontzentrazioa antolatzeko. Aurten Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzaren txanda izan da. Topaketak elkarri entzuteko aukera ematen die abesbatzei. Bere biziko garrantzia du horrek kantuan hobetzeko eta gutxitan izaten dute horretarako aukera. Horrez gain, elkarren berri izateko aukera ona eskaintzen du topaketak. Izan ere, talde emanaldia amaitu eta gero, Burunda pilotalekuan bilduko dira bost abesbatzetako kideak. 220 bat lagun espero dituzte antolatzaileek. Ez da zaila asmatzen nola amaituko duten eguna: kantuan.