Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko da gaur, azaroaren 13an, ostiralean, 17:30ean, Doneztebeko eskoletako frontoian. Finalerako txartela Etxarriko ferietan jokatutako kanporaketan lan onena egin zuten lehen bost aizkolariek lortu zuten: Floren Nazabalek (Etxarri Aranatz), Donato Larretxeak (Arantza), Juan Jose Lopez Azpilikuetak (Lezaun), Miel Mindegiak (Ezkurra) eta Antonio Senosiainek (Olague). Gaurko saioan ondoko lana egin beharko dute aipatu aizkolariek: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztea. Nazabalek denboraldi bikaina darama eta Nafarroako maila nagusiko txapela janzteak are gehiago borobilduko luke aurtengo lan ona. Izan ere, etxarriarra Nafarroako txapela janzteko faborito nagusia da. Kanporaketan sekulako erakustaldia eman zuen etxarriarrak eta ia bi minutuko aldea atera zion Donato Larretxeari. Hain zuzen ere Arantzakoa izango da bere arerio gogorrenetakoa, baina ikusi beharko da nola dagoen igandean Mindegiaren kontrako desafioa jokatu eta hura irabazi eta gero. Larretxeaz gain Mindegiak berak, Senosiainek eta Lopez Azpilikuetak ere dena emango dute Nafarroako txapela lortu nahian. Hortaz, nahiz eta etxarriarra faborito nagusia izan, dena dago erabakitzeko gaur Donezteben. Horretaz gain, abenduaren 20an Arbizun jokatuko den Euskal Herriko maila nagusia ongi prestatzea da Floren Nazabalen beste helburu nagusia, eta polita litzateke jokoan dauden bi txapel horiek Etxarrira ekartzea. Horretarako lan handia egin beharko du, eta espero dezagun gorputzak eta sasoiak laguntzea. Amillanok bigarren maila jokoanNafarroako maila nagusiko txapela erabakitzeaz gain, gaurko Doneztebeko saioan kanporaketa berezia jokatuko dute bi aizkolarik, David Amillano altsasuarrak eta Juan Telletxeak. Nafarroako bigarren mailan bietako nork jarraituko duen dute jokoan. Izan ere, ekainaren 27an Nafarroako II. Mailako Aizkora kanporaketa jokatu zen eta Amillanok ezin izan zuen aritu, min hartuta zegoelako. Juan Telletxea, berriz, azkena sailkatu zen eta egun batzuk geroago Amillanoren aurka jaitsiera kanporaketa eskatu zuen. Hortaz, gaur erabakiko da bietako zein jaitsiko den hirugarren mailara.Horrela, gaurko ekitaldian aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat ebaki beharko ditu. Irabazleak bigarren mailari eutsiko dio eta galtzailea, berriz, hirugarren mailara jaitsiko da.