Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Tolosan zegoen jokoan larunbatean, baina Altsasurako bidea hartu zuten bost bertsolarik: Iñaki Viñasprek, Asier Otamendik, Iñigo Olaetxeak, Angel Mari Peñagarikanok eta Jon Martinek. Altsasuko Kima Euskara Taldeak antolatutako bertso saioan parte hartu zuten. Tolosako kanporaketa gogoan izan zuten bertsolariek "han adina jende ez, baina bertsozaletan bertsozaleenak" bildu zirela eta, gustura aritu ziren bertsolariak. Goi mailako bertso saio honekin agurtu du Altsasuko Kima Euskara Taldeak Bertsozale elkartearen laguntzarekin antolatu duen Bertsoberriz, Altsasun zikloa. Bertsolaritzaren zaletasuna sustatzeko helburuarekin antolatutako ziklo honetan inprobisazio artearen alor ezberdina ezagutzeko aukera izan dute altsasuar eta sakandarrek. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete ekitaldietan parte hartu duten guztiei.Giro ederra ArakilenArakilen mahaiaren inguruan bildu ziren bertsozaleak. Arakilgo Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeak antolatuta, bertso afaria izan zuten. Tripa ase eta gero, bertsoei ekin zieten Jon Elizetxek, Jon Barberenak eta Xabier Terrerosek. Haien lanarekin gozatu zuten 40 bat lagunek.