Karibetar erritmoak Iturmedin

Guaixe 2009ko azaroaren 20a

Udazken bete-betean bagaude ere, tropikoko haize epela iragartzen dute arratsalderako metereologoek. Kubako Duo Jade bikoteak ekarriko du giro gozoa. Iturmendiko Auzoan izanen dira gaur, 19:30ean, Aitzkozar elkarteak antolatuta. Kubatar eta nazioarteko musika nahasi ditu Jade bikoteak. Kubatar son tradizionala, Brasilgo musika, funk-a edota milongarekin tartekatuko dituzte. Bi abeslariek maisuki interpretatuko dituzte doinuak, afinazio eta enpaste handiz eta elkarren arteko kantu eta kontra-kantuekin jolastuz. Banda akustiko txikia izanen dute lagun. Gai unibertsalak lantzen dituzte, existentzialak zein sozialak: esperantza, erresistentzia eta borroka, maitasuna eta abar. Azken aldiko kubatar musika alternatiboaren adierazle interesgarriak dira.