Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Musikarien Eguna ospatzen da azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean. Ez da oharkabean pasako musikarien festa. Bihar hasi eta datorren astean barna, Sakanako ertz batetik bestera, kalera aterako dira gure herrietako musikariak. Haize Berriak kaleraSakanako Haize Berriak banda kalera aterako da bihar, larunbatean, 12:30ean. Lanez lepo badaude ere, bandako musikariek tartea hartu dute Santa Zezilia eguna ospatzeko. Ohitura duten bezala, kalejira eskainiko dute herriko kaleetan barna. Bertan, aurpegi berriak ikusi ahal izanen dira, Bandan sartu berri diren musika eskolako gazteak. Zenbait kontzertutan bandarekin jo badute ere, hori izanen da bandako kide gisa parte hartuko duten lehen aldia. Kalejiran, Arrasateko gaiteroak izanen dituzte lagun. Musikak janari eginen dio lekua: Zubiondo elkartean amaituko dute ospakizuna bazkari ederrarekin.Irurtzungo abesbatza a capellaIrurtzungo abesbatzak kontzertua eskainiko du Santa Zezilia bezperan, larunbatean, 20:00etan, Irurtzungo San Martin elizan. Fermin Idareta zuzendariaren hitzetan, kontzertu berezia izanen da biharkoa, lehen aldiz, a capella abestuko baitute jendaurrean. "Orain arte, herriko musikariekin batera abestu dugu. Beti da interesgarria lagunen kolaborazioa izatea; baina, bakarrik abesteko gogoa ere bagenuen" azaldu digu. Kontzertu askotarikoa iragarri dute, abesti sakro, habanera nahiz Mikel Laboaren kantuekin.Lau urteko ibilbide interesgarria du Irurtzungo abesbatzak. Fermin Idaretaren zuzendaritzapean sortu zen eta herriko gaztearen aginduetara jarraitzen du. 40 lagunek osatzen dute gaur egun abesbatza, irurtzundarrak gehienak, baina baita inguruko herritakoak ere; Uharte, Erize edo Ihabarkoak. adibidez. Lau urteren buruan errepertorio majoa osatu dute. Horregatik, herritik kanpo ateratzeko une egokia iruditu zaie abesbatzako kideei. "Aurki Loiolan abestuko dugu eta trukeak prestatzen ari gara", aurreratu digu Ferminek. Horrelako lanarekin, merezi dute haien eguna ospatzea.El Quinteto de la MuerteHerriko musikariak gogoan hartuta, kontzertu berezia antolatu du Altsasuko Udal Musika Eskolak datorren asteazkenean, hilaren 25ean, 19:00etan. El Quinteto de la Muerte metal banda indartsuak goi mailako kontzertua eskainiko du Altsasuko Iortia kultur gunean.Bi zati izanen ditu kontzertuak. Altsasuko musika eskolaren eskariz, lehen zatia pedagogikoa izanen da. "Bi kontzertu pedagogiko antolatzen saiatzen gara urtero. Aurten luxuzko kontzertu hau izanen dugu" azaldu digu Musika Eskolako zuzendari Josu Estarronak. Instrumentuen eta horien interpretazioaren sekretuak zabaldu eta gero, musikariek dantzan jarriko dituzte Iortia kultur guneko entzuleak. Horretarako, doinu bikainak ekarriko dituzte: funky, groove, boogalloo, blues edota jazz doinuak. Baxu eta bateriaren oinarri erritmikoari teklatua eta saxo eta tronboi bizia gehituta, ez dago geldi egonen denik. Kontzertu ahaztezina ziurtatzen dute Big Band, Jazz nahiz mestizaje talde ezagunetatik pasa diren musikari esperimentatuek: Raul Romo (saxo altua eta tenorra), Gonzalo Fernandez de Larrinoa (tronboia), Say-Chin Yeoh (teklatua eta ahotsa), Dani Foronda (baxua) eta Perico Paez (bateria eta perkusioa).Sarrerak salgai daude 3 eurotan eta musika eskolako ikasleendako euro eta erdian.BestelakoakEz dira horiek Santa Zezilia eguna ospatuko duten bakarrak. Etxarri Aranazko musika eskolako ikasleek ere kontzertua eskainiko dute hilaren 23an, astelehenean, 19:00etan, herriko kultur etxean. Izan ere, ikasleek badute zer ospatu. Izanen dira kalera aterako diren gehiago ere; Burundar txistulariak, esaterako. Beste batzuek, berriz, barrurako utzi dituzte ospakizunak: mahai inguruan bildu eta gogo biziz abesteko egun polita izaten da Musikarien Zaindariaren eguna.