Txapela buruan, ibili munduan!

Guaixe 2009ko azaroaren 16a

Nafarroako txapela jantzi eta gero, igandean Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa jokatuko du Nazabalek Asteasun1. Floren Nazabal: 27:342. Donato Larretxea: 29:383. Juanjo Lopez Azpilikueta: 30:254. Antonio Senosiain: 35:27Nafarroako Maila Nagusiko txapela jantzi zuen Floren Nazabalek ostiralean Donezteben, sekulako maila emanez eta hasieratik aurrea hartuz. Sekulako jendetza bildu zen finala zuzenean jarraitzera, eta azkenean lau aizkolarik jokatu zuten finala; aurreko asteko apustua eta gero Miel Mindegiak gerri arazoak zituela medio, uko egin baitzion aritzeari. Nazabal, Larretxea, Juanjo Lopez Azpilikueta eta Antonio Senosiain aritu ziren lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko mozteko lanetan. Etxarriarra zen faborito nagusia eta ez zuen huts egin. Juan Mari Nazabal aitaren laguntzarekin, lehen enborrean aurrea hartu zuen eta hortik bukaerara finala kontrolpean izan zuen, nahiz eta bi une kritiko izan. Lehenengo ezustea bigarren enborrean izan zuen. Lopez Azpilikuetak aurre hartu zuen eta 44 segundo kendu zizkion Nazabali. Baina hirugarren enborrean, lehen 60 ontzakoan, atzean geratu zen Lopez eta Larretxeak ere aurrea hartu zion. Bigarren estualdia lan erdietako enborrean izan zen, lehen oinbikoan, enbor txarra egokitu zitzaiolako etxarriarrari. Amaieran onartu zuenez, etsi ere egin zuen Nazabalek, baina Larretxeari ere ez zitzaion enbor onegia egokitu eta egoera bideratzea lortu zuen etxarriarrak. Gainera, aurreko asteko apustuko pasadak eragina izan zuen ere Larretxearengan eta ez zen Nazabal gehiegi estutzeko gauza izan. Horrela, Nazabal gustura aritu zen azken txanpan, nahi bezala, eta gustura jantzi zuen txapela (27:34), Larretxeari bi minutu eta lau segundo atereaz (29:38). Lopez izan zen hirugarrena eta Senosiain azkena. Amillanok bigarren mailari eutsi dioDoneztebeko jaialdi berberean Nafarroako bigarren mailari eusteko kanporaketa ere jokatu zen. David Amillano eta Juan Telletxea aritu ziren lanean, eta bi kana-erdiko eta 60 ontzako enborra moztu behar zituzten. Azkarrena Amillano izan zen (9:33),  Telletxeari bi minutu eta pasako tartea atereaz (12:03). Hortaz, altsasuarrak Nafarroako bigarren mailan jarraituko du. Igandean Euskal Herriko Maila Nagusiko kanporaketaNazabalek Nafarroako bere bosgarren txapela jantzi zuen Donezteben, eta horretaz gain zazpi bigarren postu eta bost hirugarren postu ditu txapelketa horretan. Horri aurtengo beste garaipen garrantzitsuak gehitu behar zaizkio: Urrezko Aizkolarien Banakako txapela jantzi zuen Nazabalek - txapelketa horretako bosgarren txapela - eta horretaz gain Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga eta Kopa irabazi zituen Altsasuko ferietan. Binakakoetan ez da horren fin ibili etxarriarra, Urrezko Aizkolarien Binakakoan kanpo geratu baitzen eta Nafarroako Binakakoan bigarrena izan baitzen. Orain 25. Euskal Herriko Aizkora Txapelketa janztea geratzen zaio Nazabali, eta txapelketa prestatzen buru-belarri dabil. Igandean, 17:30ean aipatu txapelketako kanporaketa jokatuko da Asteasuko pilotalekuan. 11 aizkolari ariko dira lanean: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz), Luis Txapartegi (Zestoa), Juanjo Lopez Azpilikueta (Lezaun), Iñaki Azurmendi (Arriaran), Joxemari Olasagasti (Igeldo), Daniel Vicente (Otsagi), Antonio Senosiain (Olague), Aitor Senosiain (Olague), Jexuxmari Mujika (Ibarra), Joseba Otaegi (Zizurkil) eta Jose Angel Zubiaga (Meoio). Joxejuan Barberenak uko egin dio txapelketan parte hartzeari, adinean aurrera doalako, eta hortaz maila nagusia galduko du. Aizkolariek egin beharreko lana 54 ontzako bi enbor, 60 ontzako bi enbor eta 72 ontzako bi enbor moztea izango da, finalean egiten den lanaren erdia, eta laguntzailerik gabe aritu beharko dute. Nazabal da kanporaketa eta txapelketa bera irabazteko faborito argia. "Beste guztiak baino koska bat gorago dago" nabarmendu du Iñaki Azurmendik. Kanporaketan lehen sei sailkatuek abenduaren 20an 12:30ean Arbizun jokatuko den finalerako txartela bereganatuko dute eta azkenak maila nagusia galduko du.