Aralar Mendiren gol festa

Guaixe 2009ko azaroaren 18a

Larunbatean Estatuko B mailako areto futbol txapelketako 7. jardunaldia jokatu zen. Irurtzungo Fluitecnik Xotak garaipena lortu zuen etxean, Tafatrans taldeari 5-4 irabazita. Bestalde, Uharte Arakilgo Aralar Mendikoak pozik itzuli ziren Olitetik, Nordecons Olite 1-7 menpean hartuta. Emaitzok eragina izan dute sailkapenean: San Juan da liderra, 18 punturekin. Fluitecnik Xota laugarrena da, 12 punturekin eta Aralar Mendi bosgarren postura igo da, 10 punturekin. Larunbatean Xotak atzera ere etxean jokatuko du, Irurtzungo kiroldegian, 18:00etan, sailkapenean azkena den Universidad de Navarra taldearen kontra. Bestalde, Aralar Mendik ere etxean jokatuko du, Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuan, 19:00etan, San Juan liderraren kontra. Partida konplikatua izango da; ea nola moldatzen diren uhartearrak.