Askotan entzun ohi da komikiaren inguruan izen ugari gauza bera deskribatzeko. Alde batetik, antzinako komikizaleak ditugu, erdarako nomenklaturaz baliaturik "tebeo" hitza erabiltzen dutenak normalean. Gaztelaniaz aspaldi komikia izendatzeko zegoen hitz bakarra izatean, komiki guztiak horrela ezagutzen ziren, besterik gabe. Jakina, haurrentzako aldizkariak ziren beren osotasunean.Baina, globalizazioan murgiltzen hasi eta hizkuntz arrotzen hitzen erabilera zabaldu egin zen. Normalean hitz hauek jatorrizko hizkuntzan eginiko komikiak izentzeko erabiltzen hasi ziren: Estatu Batuetako "comic" hitza bertan egiten ziren super heroien komikiendako eta "manga" (komikia, japonieraz) Japonian egindako komikiendako. Bi hitz horiek garapen ezberdina izan dute: mangak, adibidez, ezaugarri berezi batzuk biltzen ditu eta ez du zertan jatorria Japonian izan, Frantzian ere "mangagile" (mangaka, japonieraz) zenbait aurkitu baitaitezke. Komiki hitzak gaur zentzu zabalagoa du, ez da super heroietara mugatzen.Dena dela, garai hartan oraindik ere gutxi ziren komikiak irakurtzen zituzten helduak. Eta zale gazte horiek heldu egiten ziren pixkanaka! Kulturalki komikiak irakurtzea haurrei bakarrik zegokien ekintza izatean, zerbait asmatu beharra zegoen helduak komikiak irakurtzen hasteko eta jada haur-kontuak ez zirela esateko. Bi gertaera azpimarratu daitezke momentu hartan:Komikizale helduek beste komiki batzuk eskatzen zituzten. Haurtzaroan irakurritako istorioak haur kontuak ziren eta haiek komiki helduagoak nahi zituzten. Ez zituzten komikiak alde batera utzi nahi. Komikigileek ere istorioak kontatzeko beste era bat sortu zuten, liburuen moduan inprimaturiko komikiak, nobela baten antzeko istorioa zekartzatenak, baina komiki moduan adierazia.Komiki argitaletxeek ikustean komikizaleek dirua zutela (jada ez ziren haurrak, lanpostua zuten gazte-helduak ziren, beren soldatekin), komikiak saltzeko beste modu bat pentsatu beharra zuten, komiki zein tebeo hitza alde batera utziz.Eta nobela grafiko hitza sortu zuten. Nobela grafikoa, izenak dioen bezala, nobela bat da; baina hitz hutsez kontatu beharrean, marrazkiekin (komikiekin) adierazten da istorioa.Teoria batek hauxe esaten du: nobela grafikoa komikien gainetik dagoela; kalitate, istorio edota bestelako aitzakiez baliatuta. Hau da, komikiak marrazki hutsak omen dira eta nobela grafikoa artea eta kultura.Bakoitzak bere iritzia izan dezake, baina niretzat gauza argi dago. Komiki, tebeo, manga eta nobela grafikoa ikaragarri gustuko ditudan marrazkiez osaturiko kontakizunak dira, eta beren helburua istorio bat ezagutzera ematea da hitzak eta marrazkiak erabiliz.Jose Luis AsensioMyaku.fanzine@gmail.com www.fanzinemyaku.blogspot.com