Ezker abertzaleak Altsasuko agiria plazaratu du

Guaixe 2009ko azaroaren 17a

Larunbatean Altsasun egindako agerraldi jendetsuan ezker abertzaleak prozesu demokratikorako oinarriak biltzen dituen agiria plazaratu zuen. Dokumentuak ezker abertzalearen oinarriak eta borondatea islatzen ditu. Altsasuko agirian ezker abertzaleak jaso du Euskal Herriko estatua eraikitzeko "prozesu politiko baketsu eta demokratikoa indarkeriarik eta esku-hartzerik gabe" garatu behar dela,  "soilik bitarteko politiko eta demokratikoak erabilita". Ezker abertzalea horretarako prest azaldu zen, "alde bakarreko erabakia" dela nabarmenduz. Frantzia eta Espainia "ahulen diren eremura" eraman nahi ditu ezker abertzaleak,  "konfrontazioa eremu politikora" eraman behar dela uste baitu. Bestalde, "gero eta zabalagoa izan behar duen indar metaketa bideratzea" ezinbestekotzat jo zuen. Altsasuko agiriaren aurkezpenean ezker abertzaleko aurpegi ezagun ugari izan ziren, tartean Maitane Intxaurraga, Koldo Flores eta Bixente Goikoetxea sakandarrak.